Aurten, Diego Céspedes txiletarraren ‘La misteriosa mirada del flamenco’ lana izango dugu Un certain regard atalean. Kolonbia eta Espainiaren arteko koprodukzioa da eta Irusoin euskal ekoiztetxearen parte-hartzea izan du, Euskadiko industriak nazioartean duen pisua berretsiz. Ander Sagardoy Irusoineko ekoizlearekin hitz egin dugu sorkuntza-prozesuari, nazioarteko koprodukzioaren erronkei eta euskal zigilua duten istorioak munduko jaialdirik garrantzitsuenetako batera eramatearen garrantziari buruz.
“Nazioarteko babesak esan nahi du interesa dagoela, eta balioa ematen dio hainbeste herrialdek elkarrekin lan egiteari film bat kontatzeko”
- Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard saileko 'La misteriosa mirada del flamenco' lanaren hautaketa gertaera garrantzitsua da. Nola bizi duzue aintzatespen horrek euskal zinemarentzat suposatzen duena?
Guretzat, zalantzarik gabe, mugarria da, bai euskal zinemarentzat, bai Irusoinentzat. Azken finean, Cannesen egongo den gure lehen ekoizpenetako bat da. Gainera, Sail Ofizialean parte hartzeak Un Certain Regard-en eta nazioarteko panoraman kokatzen laguntzen digu, bai guri, bai euskal zinemari oro har. Egia da bost herrialderen arteko koprodukzioa dela —Belgika, Alemania, Frantzia, Txile eta gu—, baina, hala ere, uste dut zinemak eta euskal industriak tresnak dituztela halako koprodukzioak gero eta ohikoagoak izan daitezen.
- Zein izan da erronkarik handiena proiektu honi ekiteko orduan?
Erronka handiena hasieratik oreka mantentzea izan da, hainbat herrialderen arteko koprodukzioa delako. Hasieratik, eta ia estreinaldira arte, oreka hori lurralde bakoitzaren eskakizun eta konpromisoekin uztartu behar izan dugu. Proiektua haziz joan da, baliabideak bezala, eta horrek etengabeko aldaketak ekarri ditu. Gure kasuan, koprodukzioari eustea izan da zailena: herrialde bakoitzeko institutuek beren nazionalitatea proiektuan sartzea onartzea (bost guztira) bereziki zaila izan da. Horri koprodukzioen berezko berezitasunak gehitu behar zaizkio, hala nola herrialde bakoitzarekin urrunetik lan egitea. Prozesu luzea eta konplexua izan da, baina pozgarria ere bai lortutako emaitzagatik.
- MEDIA programaren babesa eta nazioarteko hainbat ekoiztetxeren laguntza izatea ez da gauza makala. Nola eragin du horrek filmaren garapenean?
MEDIA programak eta nazioarteko beste programa batzuek —Ibermedia, Eurimages, etab.— konfiantza ematen dizute, batetik, eta nazioarteko bokazioa duten proiektuak aurrera ateratzeko gaitasuna, bestetik. Azkenean, proiektua norabide jakin batean definitzen duen zigilu bat dago, nazioarteko finantzaketa delako, kasu honetan Europakoa eta Hego Amerikakoa. Laguntza horiek proiektua aurreikusitako bidean aurrera doanaren ideia indartzen dute, jatorritik nazioarteko koprodukzio gisa sortua izan zelako. Nazioarteko babesak esan nahi du interesa dagoela, eta balioa ematen dio hainbeste herrialdek elkarrekin lan egiteari film bat kontatzeko. Hori oso garrantzitsua, aberasgarria eta beharrezkoa da horrelako proiektu batean.
- Zer espero duzue filmak Canneseko publikoaren eta kritikaren artean izan dezakeen harrerari buruz?
Momentuz, harrera beroa izan da. Sektoreko beste eragileen artean ere interesa piztu du. Charades saltzaile internazional entzutetsuak daramatza salmenta internazionalak. Diego Cespedesek izan du aurretik ere Cannesekin harremanik, aurreko bi labur ere bertan egon baitira. Bageneukan susmoa pelikula Cannesen estreinatuko zela beraz, baina Sail Ofizialeko Un Certain Regard-en izatea ezustekoa izan da.Beraz, handiekin lehiatzen gara, prestigio eta ibilbide handiagoko zuzendariekin, baina, nire ustez, atentzioa deituko duen filma da, behintzat. Bere proposamen estetikoa eta kontatzen duen istorioa ia manifestu politikoa da: oso istorio gordina kontatzen du eta indarrez islatzen du, baina muturreko dramatismoan erori gabe. Narrazio arku handia du filmak, baita umore uneak ere. Uste dut kritika zein publikoa txundituko duen lana dela, eta buruan geratuko dela, hain zuzen ere horixe bilatzen dugula. Cannesen egoteak asko laguntzen du lehen emanaldi honetan, bai kritika motagatik, bai dagoeneko atal honen berezko estiloa ezagutzen eta baloratzen duen publikoagatik, eta horrek filma posizionatzea errazten du.
- Eta apur bat haratago begiratuz, beste proiektu edo ideia berririk ba al duzue martxan?
Irusoinen etxean egindako euskal ekoizpenak Estatu mailako eta nazioarteko filmekin uztartzen ditugu, hala nola ‘La misteriosa mirada del flamenco'. Esperientzia honetatik abiatuta, nazioarteko beste koprodukzio batean ari gara lanean. Era berean, gure ohiko bidetik jarraitzen dugu: aurten, Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren 'Maspalomas' eta Paul Urkijoren 'Gaua' estreinatuko ditugu. Beraz, momentu onean gaude eta horrela jarraitzea espero dugu, gure betiko talentuen eta gertu ditugunen arteko oreka mantenduz, baina baita kanpora begira ere.
Bestalde, guretzat funtsezkoa izan da Irusoin Ikusmira Berrien parte izatea, han ezagutu baitzuten proiektua lehen aldiz, eta erakusten duelako Donostiako ekoiztetxe bat oso modu naturalean sar daitekeela horrelako proiektuetan. Kasu honetan, gainera, Irusoinek saria ematen zuen, eta hori aitzakia ona izan da entrega hori koprodukzio bihurtzeko, horrela epe luzeko aliantzak sortzeko aukera emanez. Zentzu horretan, Donostiako Zinemaldiak eta Ikusmira Berriak ekimenak prozesu honetan zehar izan duten papera funtsezkoa izan da, eta oso pozik gaude. Ea aurten Donostian egoteko aukera dugun; oso polita izango litzateke abiapuntura itzultzea.