Leire Apellaniz, ekoizlea
Berlingo Zinemaldiak 'Samsara' filma estreinatuko du Encounters sailean. Nola jaso zenuten albistea?
Sekulako poza izan zen. Filma gustatzea espero genuen, Lois Patiñoren ibilbide luzeagatik. Izan ere, ‘Lua Vermella’ aurreko pelikularekin Berlinaletik pasatu eta Locarnoko Zinemaldian ere izan zen. Baina Encounters sailean izango ginela egiaztatzea izugarrizko poza izan zen, aurretik ez baitugu hain atal nabarmenean parte hartzea lortu. Munduko jaialdi garrantzitsuenetako baten lehen lerroan egotea zoragarria da.
Zer espero duzu jaialdiaz?
‘Samsara’ oso film berezia eta delikatua da, beraz, ikusiko dugu benetan nola funtzionatzen duen Berlinen. Egia da Encounters oso atal egokia dela lan honentzat bere esperimentaltasun mailagatik. Argi daukat han egoteak aukera emango digula jaialdietan egingo duen ibilbidea ikusteko. Nitxo filma da, baina hedapen ona izateko eta Asiako merkatura zabaltzeko aukera duela uste dugu. Filmaren erdia Laosen gertatzen da eta beste erdia Tanzanian, baina finantzaketaren zati bat Jeonjuko jaialdi korearraren finantziazio proiektu baten bidez lortu genuen. Izan ere, badakigu filma Korean estreinatuko dela. Gainera, Asiako beste herrialde batzuetara ere eramateko ideia dugu, eta horrek beste ikusgarritasuna emango digu.
Zure ustez, zer onura dakartza pelikula horrelako zinemaldi batean estreinatzeak?
Begirada asko erakartzen dituzu. Berlinale izugarrizko plataforma da, eta salmenta-agente eta banatzaile askok parte hartzen dute bertan. Gainera, EFMa jaialdiaren parte izanik, gure proiektua errentagarri bihurtzeko eta hazteko lekua da.
Garrantzitsua da Europa Creativa MEDIA bezalako laguntza-programek ikus-entzunezkoen industria babestea eta indartzea?
Ezinbestekoa iruditzen zait, batez ere gu bezalako enpresa independenteentzat, sormen mailan film oso zorrotzak gauzatzen ditugulako. Batzuetan ez dugu proiektua garatzeko baliabide edo tresna nahikorik. Hori dela eta, MEDIAko ‘slate’ batera aurkeztu berri gara. Oso zorrotza eta zaila da. Pertsona asko egon gara lanean pare bat hilabetez, baina garapenerako laguntzak funtsezkoak dira sormen askatasuna mantentzeko eta industria oparo, aske eta justu batean aritzeko. Azkenean, plataforma handien irizpideen menpe bizi gara, eta horrek aniztasuna alde batera utziarazi eta gaiak zein ikuspegi politikoak sinplifikatzen ditu. Baina laguntza horiei esker, gure askatasuna mantentzen jarrai dezakegu.