“MEDIAko dirulaguntzak zinegile guztion desioen zerrendetan daude, proiektuentzako suposatzen duten bultzadagatik”Albisteak

Berlinale Talents-en parte izatea aukera paregabea da nazioarteko proiekzioaren bila dabilen edozein zinemagilerentzat. María Elorzari eskainitako elkarrizketa honetan, zuzendariak nazioartekotzearen erronkei buruz hausnartu du, Europa Creativa MEDIA bezalako programen paper garrantzitsuari buruz, eta Europara begira abiatuko duen ‘Caro Bastiano’ proiektuaren xehetasunak aurreratu ditu.

  • Berlinale Talents-erako hautatua izatea aintzatespen handia da. Zure ustez, nola bultza dezake esperientzia honek zure karrera nazioartean?

Berlinale jaialdia nazioartean zinemarekin zer gertatzen ari den ikusteko testuinguru pribilegiatua da. Lehen mailako film eta profesionalekin kontaktua edukitzeak leiho eta ate asko zabaltzen ditu: bai ikuspegi pragmatiko batetik aukera profesionalak sor daitezkeelako, baina baita zinemaren gaurkotasuna jarraitzea gure etengabeko prestakuntza profesionalaren parte garrantzitsua delako. Nazioartekotzea oso lan neketsua da, pausoz pauso, pazientzia handiz egin beharrekoa, eta Berlin bada bide horretan geldialdi ia ezinbestekoa.

  • Berlinale Talents Europa Creativa MEDIAk eta European Film Market-ek (EFM) babesten dute. Nola baloratzen duzu programa horiek talentu berrien sustapenean eta Europako zinemaren nazioartekotzean duten zeregina?

EFM ez dut asko ezagutzen, MEDIA zertxobait gehiago, baina bi kasuetan jarraitzen ditudan zinegile asko eta interesatzen zaizkidan film europar ugari hortik pasa direla esan dezaket. Biak erreferenteak dira, eta MEDIAko dirulaguntzak zinegile guztion desioen zerrendetan daude, proiektuentzako suposatzen duten bultzadagatik eta zuzendariari baldintza oso onetan lan egiteko aukera ematen diotelako.

  • Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik antolatutako tailerretan parte hartu duzu. Zer ikaskuntzak nabarmenduko zenituzke esperientzia horietatik?

Kanpoko begirada batek beti bultzatzen du proiektu baten hazkundea. Gainera, Euskal testuingurua mugatua da eta kanpoko profesionalen ikuspegi eta lan egiteko moduekin kontaktua izatea oso aukera preziatua da. Horregatik, nire proiektuak tailer hauetatik pasa direnean, beti sentitu dut nolabait ireki egin direla. Bereziki interesgarria suertatu zitzaidan Miguel Machalskirekin izandako gidoigintza lan saioa, idazketaren momentu horretan zabaldu zituen bide berri eta galderengatik.

  • Zer erronka nagusiri egin behar izan diezu aurre zure lana nazioartekotzeko orduan, eta zer tresna edo laguntza izan dira erabilgarrienak prozesu horretan?

Orain arte, tresna nagusia jaialdiak izan dira eta filmak banatzeko orduan hasten zen niretzat nazioartekotze lana. Hurrengo proiektuekin kanpora ateratze hori lan prozesuaren fase goiztiarragoetan egitea gustatuko litzaidake. Horretarako, jaialdiek garrantzi handia izaten jarraituko dute. Izan ere, geroz eta presenteago daude proiektuen garapenaren hastapenetan, baina koprodukzioak bilatzea eta atzerriko agenteekin benetako elkarlana egitea ere bada nire helburuetako bat, batez ere erdi italiarra naizela kontuan izanda, eta nire proiektu gehienek herrialde horrekin lotura zuzena dutela ikusita.

  • Ba al duzu buruan Berlinale Talents-etik igaro ondoren ikuspegi europarrago edo nazioartekoago batekin garatu nahiko zenukeen proiekturik?

Momentu honetan, hain justu, hiru herrialdetan filmatuko dudan proiektu bat daukat esku artean: Alemania, Italia eta Euskadirekin lotuta dagoen ‘Caro Bastiano’ filma. Bigarren Mundu Gerrako testuinguruan idatzitako gutun batetik abiatzen den istorioa da eta zentzu askotan oso film europarra. Ez dakit Berlinale Talents-ek ondorio zehatzik izango duen proiektuarentzat, baina niretzat momentu honetan garrantzitsua da Alemaniako zinema arloarekin harremanak hastea, hango testuingurua ezagutzea eta kanpora begira, adi, egotea.