“Hautaketa honek filmari bidea egiten lagunduko dio”Albisteak

Tamara García Iglesias ekoizlea (Atekaleun) ‘Las hijas’ filman ari da lanean. Proiektua Goes to Cannes programarako hautatu dute, maiatzaren 15ean egingo den Marché du Filmen, Canneseko Zinemaldiko 79. edizioko industria-plataforman. Bertan, postprodukzio fase ezberdinetan dauden lanak aurkeztuko dituzte, nazioarteko ibilbidea sustatzeko helburuarekin.

‘Las hijas’ Canneseko Zinemaldiko Goes to Cannes programarako hautatu dute. Zer garrantzia du aukeraketa horrek proiektuaren une honetan?

Lehenik eta behin, nazioarteko merkatura zuzendutako aurkezpen gutuna da. Bigarrenik, filmak nola funtzionatzen duen probatzeko lehen aukera izango dugu. Eta, azkenik, amaiera zoriontsu bat: Europako merkatuan lortzen den edozer ospatzeko modukoa da. Hautaketa honek, zehazki, filmari bidea egiten lagunduko dio. Jaialdien arteko aliantzak filmak bultzatzeko modu askoz atseginagoak dira.

‘Las hijas’ Daniel Romeroren lehen film luzea da. Ekoizle moduan, proiektuaren eta zuzendariaren ikuspegi narratiboaren zerk erakarri zintuen?

Generokoa zela. Inoiz ez nuen genero-zinemarik ekoitzi, eta hori erakargarria egin zitzaidan. Gero, koproduktorea, Ferran Tomàs Olalla, nire laguna dela, eta hortaz dena errazagoa izango zela. Eta, azkenik, gidoia ona zela: kolpe batean irakurri nuen. Gainera, koprodukzioa aurrera eramateko gai izango zarela sentitzeak lanerako segurtasun handia ematen du. Hau da, filma ekoizteko gai ikusten nuen nire burua. Ez da nahikoa pelikula gustuko izatea; egiteko gai ere sentitu behar zara. Eta hori gertatu zitzaidan ‘Las hijas’-ekin.

Filma hainbat ekoiztetxeren arteko koprodukzioa da eta EITBren eta RTVEren parte-hartzea dauka, baita nazioarteko lankidetza ere. Zer erronka eta aukera topatu dituzue koprodukzio prozesu honetan?

Koprodukzioa gaur egungo ekoizpen modu bat da, ekoiztetxe guztien inplikazio handia eskatzen duen finantzaketa-eredua. Ondo doanean eta alde guztiek lan ona egiten ari direnean (emaitzak beste kontu bat dira), beti ateratzen da ondo, finantza kontuak alde batera utzita. Baina gauzak okertzen direnean, ondoan nahi ez duzun norbaitekin ezkonduta egotea bezalakoa da. Gure kasuan, denok lan ikaragarri handia egin dugu, zorteak lagundu digu eta filma finantzatzea lortu dugu. Eta zortea diot —ez lana edo talentua—, prozesu hauen emaitza ez baita askotan film motaren edo egindako lanaren ondorio; uneak eta deialdira aurkeztutako proiektuek lorpenak baldintzatzen dituzte.

Marché du Film barruko Goes to Cannes programa industriarentzako erakusleiho garrantzitsua da. Zer itxaropen dituzue banaketari, salmentei edo nazioarteko ibilbideari dagokienez?

Itxaropenak: guztiak. Baina nazioarteko salmenta-agente bat aurkitzean zentratuko gara, programa horretarako pentsatuta baitago. Uste dut horrela frustrazio maila txikiagoa izango dela eta emaitzak lortzeko aukera handiagoak izango ditugula. Nahiz eta lehia ikaragarria dagoen, generoan espezializatutako banatzaile bat aurkitzea espero dugu, edo gutxienez filmaren ezaugarriei behar bezala erantzuten dakien norbait.

Spoilerrik egin gabe, ‘Las hijas’ filmeko zer istoriok edo gaik uste duzu konektatuko duela gehien publikoarekin?

Uste dut film hau istorio onak gustuko dituen publikoari zuzenduta dagoela. Era berean, antzezpena baloratzen duten horientzat ere bada: aktoreek lan bikaina egiten dute. Bestalde, genero-elementuak dituen drama gustuko dutenek ere gozatuko dute. Film honek zalantzan jarri nahi ditu familia tradizionala eta edozein bizikidetza-unitateren disfuntzioak. “Gustatzen ez zaiguna” normaltasun bihurtzen denean gertatzen dena eta egoera horietatik nola irten aztertzen du. Guztiok dakigu film batzuek funtzio sinbolikoa dutela, batzuetan funtzionatzen duena eta beste batzuetan ez; baina kasu honetan bai, funtzionatzen du.