“Funtsezkoa iruditzen zaigu fase ahul horretan nolabaiteko egonkortasuna eta lasaitasun ekonomikoa eskainiko duten laguntzak egotea”Albisteak

Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka ekoizleek (Doxa Producciones) Cannes Docs ekimenean parte hartuko dute ‘Altxaliliak’, garapen fase aurreratuan dagoen dokumental proiektuarekin. Marché du Film jaialdiaren esparruan kokatzen den programa honek sormenezko zinema dokumentaleko mundu osoko profesionalak biltzen ditu, proiektuak partekatzeko, aliantzak sortzeko eta garatzen ari diren film berriei nazioarteko bultzada emateko helburuarekin.

Aurten Canneseko Zinemaldiaren merkatuan parte hartuko duzue ‘Altxaliliak’ proiektuarekin, Cannes Docs ekimenaren barruan. Zer fasetan dago proiektua eta zer espero duzue bertan parte hartzetik?

Proiektua garapen-fase nahiko aurreratuan dago. Orain arte egin dugun ikerketa sakonari esker, filmaren azken muntaketaren parte izango zirela susmatu genuen sekuentzia batzuk ditugu. Horregatik sentitu genuen une egokia zela Cannes Docs-en parte hartzeko eta 10 minutuko metrajea partekatzeko.

Gainera, programa ondo ezagutzen dugu, duela pare bat urte ‘Itoiz Udako Sesioak’ filmarekin hautatuak izan baikinen. Orduan postprodukzio-fasean geunden, eta esperientzia oso positiboa izan zen, bai sortu zen networking-ari esker, bai filma nazioarteko profesionalekin probatzeko aukeragatik.

‘Altxaliliak’ proiektuaren kasuan, lehen irudi hauek orain erakusteak zentzu handia duela iruditzen zaigu, oraindik hasierako eta nolabait zaurgarria den fase batean. Proiektu queer sakona da, euskalduna eta landa-eremukoa; testuinguru oso zehatz batean kokatutako istorioa, baina aldi berean errealitate global batekin etengabeko elkarrizketan dagoena. Gure asmoa da ahalik eta lasterren harremanetan jartzea filmaren potentziala ikus dezaketen salmenta-agente, banatzaile, ekoizle eta erosleekin, eta proiektuarekin hasieratik bidelagun izatea.

Zer suposatzen du Doxa bezalako ekoiztetxe batentzat Cannes Docs bezalako espazio batean egoteak? Zer aukera zabaltzen ditu ikusgarritasunari edo koprodukzioari dagokionez?

Urtean hainbat aldiz merkatuetara eta horrelako guneetara joaten saiatzen gara, betiere beste lan egiteko modu batzuk ezagutzen jarraitzeko, sortzen ari denaz elikatzeko eta, aldi berean, gure kontaktu eta ezagutza sarea zabaltzeko helburuarekin.

Zentzu horretan, Cannes Docs espazio pribilegiatua da. Mundu osoko ekoizleak biltzen ditu, eta askotan harritu egiten gaitu leku oso urrunetako jendearekin topo egiteak; hala ere, kezkak eta begiradak partekatzen ditugu.

Gainera, ICAAren, ICEXen eta beste erakunde batzuen eskutik Espainiako Showcase-aren parte gisa parte hartzeak oso abiapuntu ona ematen digu: sarbidea eta ikusgarritasuna eskaintzen dizkigu. ‘Altxaliliak’ proiektuaren kasuan, jorratzen duen gaiagatik, hori bereziki garrantzitsua da bilatzen ditugun bidelagunekin konektatu ahal izateko.

Nolakoa izaten ari da ‘Altxaliliak’ proiektuaren garapena, eta zein erronka ari zarete topatzen beren ekoizpenean edo finantziazioan?

‘Altxaliliak’ proiektuaren garapena luzea, zaindua eta lurraldearekin oso lotua izaten ari da. Bi urte baino gehiago daramatzagu proiektuan murgilduta, ikertzen, protagonistei laguntzen eta filmak erretratatzen duen unibertsoarekiko konfiantzazko harremana eraikitzen.

Ekoizpenari dagokionez, testuinguru horretan dago erronka nagusietako bat. Filmaketak ikusentzunezko ehundura gutxi duten eremuetan planteatzen ditugu, sarbide zailekoak, oso landatarrak eta, kasu askotan, menditsuak. Horrek logistikaren konplexutasuna nabarmen handitzen du, bai joan-etorrietan, bai taldearen plangintza teknikoan eta antolaketan.

Horri guztiari hizkuntza aniztasuna gehitu behar zaio. Filmak hainbat euskalki bizi diren lurraldeak zeharkatzen ditu, frantsesa eta gaztelania ere tartean direla. Errealitate linguistiko oso aberatsak dira, baina ekoizpenaren ikuspegitik kudeatzeko konplexuak ere bai, talde osoak ez baititu beti bere osotasunean ulertzen. Ildo horretan, funtsezkoa da Maia Iribarne zuzendaria zonaldekoa izatea eta lurraldea sakonki ezagutzea: bere kodeak, hitz egiteko moduak eta lotura komunitarioak, besteak beste.

Era berean, talde teknikoak proiektuaren espirituarekin bat egin dezan saiatzen ari gara: ahal den neurrian, queer taldea izatea, eta filmean ageri diren euskara eta euskalkiak ezagutzen dituzten pertsonak izatea. Erabaki garrantzitsua da guretzat, bai maila politikoan bai artistikoan, baina aldi berean ekoizpenaren diseinua konplexuago egiten du.

Finantzaketari dagokionez, erronka nagusiak dirulaguntzen eta laguntza publikoen epeekin, betekizunekin eta administrazio-egokitzapenekin lotuta daude. Altxaliliak Iparraldearekin koprodukzio bat da, Gastibeltzarekin batera, eta ehuneko ehun euskal proiektua dela sentitzen dugun arren, errealitate fiskal, administratibo eta nazional desberdinak dituzten lurraldeen artean egituratzen da: Iparraldea, Nafarroa eta EAE. Mugaz gaindiko izaera hori, zalantzarik gabe, bere aberastasun handienetako bat da, baina, aldi berean, finantza- eta ekoizpen-egitura bereziki zaindua eta zehatza eskatzen du.

Europa Creativa MEDIA programari dagokionez, zein laguntza mota izan duzue orain arte, edo zer garrantzi dute zuentzat Europako ekimen mota horiek?

Egia esan, hainbat koprodukzio egin baditugu eta Europako laguntza-ildoak beti oso presente izan baditugu ere, orain arte Europa Creativa MEDIAn izan dugun parte-hartzea nahiko mugatua izan da. Datak, egokitzapenak eta proiektu bakoitzaren ezaugarriak tarteko, orain dela urte dezente bakarrik aurkeztu genuen eskaera bat baterako garapenerako funtsera.

Aurten, ordea, une egokia zela iruditu zitzaigun. Ekoiztetxeko hainbat proiekturen egoera ikusita, erabaki genuen lehen aldiz Slate Funding deialdira eskaera bat aurkeztea lau proiekturen garapenerako, horien artean Altxaliliak. Abenduan aurkeztu genuen, eta orain emaitzen zain gaude.

Guretzat, horrelako ekimen europarrak funtsezkoak dira, aukera ematen baitute proiektuak eskala zabalago batetik pentsatzeko, garapen-prozesuak sendotasun handiagoz laguntzeko eta nazioarteko bazkide, merkatu eta eragileekin harremanak sortzeko. ‘Altxaliliak’ filmaren kasuan, gainera, dimentsio europar horrek zentzu osoa du: euskal lurraldean sakon errotutako filma da, baina Europako egungo errealitatearekin modu naturalean elkarrizketan dauden mugak, hizkuntzak eta identitateak zeharkatzen dute.

Zuen esperientziatik abiatuta, zer aldaketa edo aukera zabaldu ditu Europa Creativa MEDIAk gaur egun ikus-entzunezko proiektuak garatzeko eta kokatzeko moduan?

Nahiz eta oraindik ez dugun esperientzia zuzenik izan horrelako laguntzak lortzen, oso erreferentzia hurbilak ditugu eta ondo dakigu zer eragin izan dezaketen ekoiztetxe batean zein proiektuen garapenean.

Gure ustez, gidoiaren eta garapenaren fasea guztiz funtsezkoa da, nahiz eta sarritan ez zaion aitortzen erakunde batzuetatik benetan duen balioa. Gure kasuan, eta bereziki proiektu dokumentaletan, oso etapa delikatua da: ikertzeko, probatzeko, huts egiteko, filmaren forma pixkanaka aurkitzen joateko eta garatu ahal izateko baldintzak sortzeko unea da.

Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu fase ahul horretan nolabaiteko egonkortasuna eta lasaitasun ekonomikoa eskainiko duten laguntzak egotea. Zentzu horretan, sentitzen dugu Europa Creativa MEDIAk ondo ulertzen duela garapenaren garrantzia eta laguntza bereziki baliotsua eskaintzen duela, hain zuzen ere proiektuek gehien behar duten unean.