“Europa Creativa MEDIAren laguntza jasotzeak filma haztea eta hura ekoizteko aliantza bat sortu ahal izatea ahalbidetu zigun” Albisteak

Datorren ekainaren 16an, ostirala, 'Upon Entry' (Basque Films) pelikularen premierra izango da. Filmak nazioarteko hainbat jaialditan aintzatespenak lortu ditu, hala nola Tallinen eta Austinen, eta Malagako Jaialdian ere Gizonezkoen Antzezpen Onenaren Zilarrezko Biznaga saria eskuratu du. Carlos Juarez ekoizlearekin hitz egin dugu estreinaldiko aurreikuspenez, etorkizuneko erronkez eta filmak zinema-topaketa ezberdinetan izan duen harreraz.

Nola aurkeztuko zeniguke 'Upon Entry’ filma? Zeri buruzkoa da?
Profesionalki aurrera egiteko eta haien bizimodua aldatzeko asmoz bikote gazte batek Kataluniatik Estatu Batuetara egindako bidaia kontatzen du, baina aireportuan biziko dituzten egoera batzuek zalantzan jarriko dituzte haien plan guztiak. Funtsean, thriller bat da, bikote-harremanen edota Ipar Amerikako migrazio-politiken gisako gaiak agerian jartzen dituena.

Duela gutxi Malagako Jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu zenuten ‘Upon Entry’ filmarekin, eta gizonezkoen antzezpen onenaren Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen filmak. Zer harrera izan zuen filmak?
Egia esan, filma publikoarekin ikustea esperientzia bat izaten da beti lehenengo aldietan. Izan ere, gidoian, zuzendaritzan, antzezpenean eta muntaketan jarritako xehetasun guztiak ikusleek nola interpretatzen dituzten, nola hunkitzen edo asaldatzen diren eta atmosferan nola sartzen diren ikusten duzu. Publikoarekin egiten den ikustaldia oso atsegina izaten da. Itsatsita geratzen dira, begiak kliskatu ere egin gabe, protagonistekin batera bidaiatzen. Protagonistak aldatzeaz gain, bidaia horrek ikusleak ere aldatzen dituela ohartzen zara.

Zure ustez zer onura ekarriko dio zuen film luzeari Malagako Jaialdian egoteak?
Malagako Jaialdia jaialdi latinoamerikar handietako bat da, eta Espainiako bigarren jaialdia. Gure ustez zorte handia izan da filma han estreinatu ahal izatea, publiko zorrotza duen jaialdia delako eta nazioarteko merkatuko industria jasotzen duelako.

Gainera, hainbat sari jaso dituzue nazioarteko jaialdietan. Nola bizi izan duzue?
Tallinngo jaialdi ospetsuan sartu ginenean bagenekien filmak ibilbide ona izango zuela nazioarteko jaialdi ospetsuetan. Beti pentsatu izan dugu, batez ere, publikoaren filma zela, baina Tallinnen nazioarteko kritikarien saria jaso genuen eta, ordutik, kritikarien sariak eta publikoaren sariak uztartu ditugu. Herrialde emigratzaileen ikuspegitik ikusi dugu filma; horietan, ikusleak ikaragarri inplikatzen dira. Baina immigrazioa jasotzen duten herrialdeen ikuspegitik ere ikusi dugu; esaterako, Estatu Batuetan, harrera beroa egin zioten Austingo SXSW jaialdi handian.

Zer balantze egiten duzue parte hartu duzuen jaialdietan kritikariek eta publikoak egindako harreraren gainean?
Egia esan, zoragarria da jasotako harrera, alderdi guztietan, bai nazioarteko kritikarien aldetik, bai publikoaren aldetik. Modu berean iristen zaiela ikusten dugu, eta hori gertatzea oso zaila da. ‘Upon Entry’ filmak badu zailtasun bat, hiru hizkuntzatan filmatuta egotea: ingelesa, gaztelania eta katalana. Historiarekin leialak izateko eta sinesgarriak izateko modu bakarra zen. Ikusleak bidaian sartzen dira. Ez zaie astuna egiten filma jarraitzea, alderantziz. Egiaz, filma saldu diegun nazioarteko kate guztiek jatorrizko bertsioa ustiatu nahi dute, azpitituluekin.

‘Upon Entry’ ekainaren 16an iritsiko da zinema-aretoetara. Zer aurreikuspen dituzue?
Zinema-aretoak misterio bat izaten dira beti. Faktore askoren araberakoa da. Baliteke publikoa kapitalizatzen duen kanpaina erraldoia duen filmen batekin bat etortzea. Baina film oso on bat dugu esku artean, eta filmean asko sinesten duen banatzailea, Karma, maila altukoa. Hori da garrantzitsuena. Badakigu lehenengo astea gakoa dela, eta emaitza onak eskuratu ezean, ezingo dugu kapitalizatu kalitatezko film hauen ahoz ahokoa. Nire ustez, zinema gustuko dugun guztion ardura da film independente onek ibilbide bat izatea. Hori dela eta, betebehar komertzialez harago, banakoen erabakiek zeresan handia dute.

Europa Creativa MEDIAren laguntza jaso du filmak. Zer eskaini dio laguntza honek filmaren garapenari?
Filma haztea ahalbidetu zuen, eta hura ekoizteko aliantza bat sortu ahal izatea. Ibilbidea luzea izan da Zabriskie Filmseko Carles Torrasek niri eta zuzendariei proiektua aurkeztu zigunetik, hura hazten lagundu geniezaion. Beste erakunde batzuek ere parte hartu dute, esaterako, Signatia ekoiztetxeak. Zinema ulertzeko modua partekatzen dugu harekin. Film handi bat egiteko behar izaten den denbora bera edo gehiago behar izan dugu, baina, ziur asko, beste era bateko poztasuna ematen du hain pertsonalak diren film independenteak ekoizteak; haietatik gertuago sentitzen zara, babes handia behar dutelako.

Azkenik, zer erronka dituzue etorkizunerako?
Zinema pertsonalagoa egin nahi dugu, prozesu horretan gaude. Garrantzitsuena istorioak eta bidaideak izatea nahi dugu. Orain bi film handitan gaude: ‘Rich Flue’ eta ‘El Hoyo 2’, Galder Gaztelu-Urrutia zuzendariaren bi film. Proiektuen fase eta bide ezberdinetan gaude, eta horrek oso adi egonarazten gaitu, gure buruari bikaintasun maila altua eskatzeko eta datorren urterako film horiek amaituta izateko. Dena den, proiektuen beste alderdi batzuei ere jartzen diegu arreta, hala nola, gazteen talentuari, hori baita gure zinemaren etorkizuna.