Elkarrizketa Isabel HerguerariAlbisteak


“Zinemari, arteari eta literaturari egindako maitasun-adierazpena da ‘El sueño de la Sultana’”

 

Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatuko dute ‘El sueño de la Sultana’. Zer esan nahi du zuretzat filma horren ospetsua den jaialdi batean aurkezteak?
Donostian hazi nintzen, eta eskolarako itzulerarekin eta marea biziekin batera iristen zen jaialdia. Garai hartan dena zen posible. Maria Cristina hoteletik artistak irteten ikusten nituen, Kutxa Aretora joaten nintzen filmak dohainik ikustera eta, gero, Pasealeku Berrira joaten nintzen, olatuetan salto eginez bustitzera. Zinemaldiko Sail Ofizialean egotea ametsa da niretzat, baina, aldi berean, zinemaren kultura oso presente zegoen hiri batean hazi izanaren emaitza da.

Nola aurkeztuko zeniguke filma?
El sueño de la Sultana filmak hainbat maila ditu. Emakumearen segurtasun-nahiari ahotsa ematea da bat. Bestea, Indiako azpikontinenteko feminismoaren pertsonaia handi bat omentzea da: Begum Rokeya Hossain. Emakumeak amestera/esnatzera bultzatzen ditu hark, haien egoeraz ohar daitezen. Ametsaren garrantzia nabarmentzen du filmak, utopiarena, bizitzarako eta aldaketarako funtsezko osagai gisa. Eta eskuz egindako, margotutako, zinemaren garrantzia goraipatzen du, prozesu artistiko pertsonalak aldarrikatuz. Zinemari, arteari eta literaturari egindako maitasun-adierazpena da El sueño de la Sultana, mundua ulertzeko tresnak baitira horiek.

Zein izan da filmak orain arte egin duen ibilbidea?
2012ko abenduan deskubritu nuen Sultana's dream liburua eta, pixkanaka, lan honi nola heldu nahi genion ikusten joan ginen nire kide Gianmarco Serra eta biok. Emakumeekin eta neskatoekin tailerrak egin genituen Indian, ipuinak gaur egun zer garrantzi duen ikusteko. Lehenengo gidoia idatzi genuen, Sultana films ekoiztetxea eratu genuen eta bidaia honen parte izateko prest zeuden koproduktoreak bilatu genituen. Eskuz margotutako zinemak bere denbora behar du, eta garestia da. Finantzaketa-prozesuak urteak iraun zituen. 2020ko otsailean hasi ginen filmaren ekoizpenarekin, eta duela hilabete eskas amaitu dugu.

Europa Creativa MEDIAren garapenerako laguntza jaso du filmak. Zer neurritan lagundu zizuen babes hori izateak?
MEDIAren laguntza erabakigarria izan zen. Hiru aldiz aurkeztu ginen, eta egin zizkiguten iruzkinak bereziki baliotsuak izan ziren. Proiektua alde batera uzteko puntuan geunden MEDIAren mezu elektronikoa jaso genuenean, laguntza emango zigutela esanez eta proiektuaren aldeko iruzkinekin. Horrek buelta eman zion guztiari, eta aurrera jarraitzea erabaki genuen.

Zer helburu dituzue SSIFFri begira?
Momentuz, Espainian eta Alemanian banatuko dugu filma. Zinemaldia eta datozen hilabeteetan filma proiektatuko duten beste jaialdiak erakusleiho bat izatea espero dugu beste herrialde batzuetako erosleentzat/banatzaileentzat. Ilusio handia egingo lidake filma Indian eta Bangladeshen ikusi ahal izateak.
Ba al duzu aurreratu diezagukezun etorkizuneko proiekturik?
Nahiago dut horri buruz ez hitz egin, zerbait konkretua martxan izan arte.