“EAVE komunitateko kide izatea aukera paregabea da beharrezko ezagutzak eskuratzeko eta gure kontaktu-sarea sendotzeko”Albisteak

EAVE 2025eko Ekoizleen Tailerra martxoaren 7an hasiko da, Luxenburgon, eta Europa osoko zinemako 40 profesional bilduko ditu prestakuntza trinkoko programa batean. Hautatuen artean daude Gentzane Martínez de Osaba euskal ekoizlea (Marmoka Films) eta Iratxe Fresneda zuzendaria (Pimpi & Nella Films). ‘Bide guztiak irekiak daude’ proiektua nazioarteko ikaskuntza eta networking gune garrantzitsu honetara eramango dute.

  • Datorren martxoaren 7an hasiko da EAVE 2025eko Ekoizleen Tailerra. Nola jaso zenuten hautaketaren berri?

Gentzane: Taldeak ilusio handiz hartu zuen albistea. Aspaldi ezagutzen genuen EAVEren workshopa, eta gure helburuetako bat genuen. Europa osoko 40 parte-hartzaile baino ez dituzte aukeratzen, eskaintzen duten prestakuntza oso kalitate handikoa da eta ez da erraza sartzea; beraz, albiste bikaina izan da. Ziur nago EAVEko kide izateak oso gauza onak ekarriko dizkigula epe ertain-luzera begira.

Iratxe: Berri izugarria ona izan zen, ez da batere erraza aukeratuak izatea. Batetik Marmoka Films eta Pimpi & Nella Films-ek ekoiztetxe txikiak izanik, maila honetako prozesu europar baten parte izatea oso aberasgarria izango dela uste dugu. Gentzanek ekoizle exekutibo moduan bere ibilbidea sendotzeko aukera izango du eta nire kasuan, zuzendari eta gidoilari bezala, ‘Bide guztiak irekiak daude’ gure pelikula berria bikaintzeko aukera izango dut.

  • Tailerra hiru saiotan banatuko da, Luxenburgon, Gasteizen eta Salonikan. Zer espero duzue ikastea esperientzia honetatik?

Gentzane: EAVE komunitateko kide izatea aukera paregabea da beharrezko ezagutzak eskuratzeko, Europako beste ekoizle batzuk ezagutu ahal izateko eta gure kontaktu-sarea sendotzeko. Aldi berean, esparru ezin hobea da beste herrialde batzuetako industriek eta ekoizpen-ereduek nola funtzionatzen duten ezagutzeko, ekoizpen-formula berriak ikasteko eta nazioarteko koprodukzioan sendotzeko. EAVEn parte hartzeak beharrezko herramintak emango dizkigu ‘Bide guztiak irekiak daude’ proiektuarentzat oinarri sendo bat errotzeko eta baita etorkizuneko beste proiektu batzuei laguntzeko ere.

Iratxe: Ikastea eta zinemaren ekoizpen eta sortze prozesuari buruzko esperientziak partekatzea. Aldi berean ‘Bide guztiak irekiak daude’ proiektuari bultzada handi bat ematea.

  • Iratxe Fresnedarekin (gidoilaria) batera parte hartuko duzu. Proiektu jakinen batekin zoazte? Nolakoa izan da elkarrekin lan egitea?

Gentzane: EAVEn karrera hobetu nahi duen edo proiektu bat garatu nahi duen ekoizle gisa parte hartzeko aukera duzu. Guk ‘Bide guztiak irekiak daude’ proiektuarekin izen ematea erabaki genuen. Iratxek zuzenduko duen laugarren film luzea eta elkarrekin egiten dugun bigarrena da. Proiektu ederra da eta elkarrekin lan egitea ere oso bidaia aberasgarria izaten ari da, elkarrekin asko ikasten dugu eta hartu-eman horrek oso gauza onak ekarri dizkigu.

Iratxe: ‘Bide guztiak irekiak daude’ da elkarrekin burutzen ari garen bigarren film luzea. Ondo elkar ulertzen dugu, babestu egiten diogu elkarri, elkarrekin ere hazi eta ikasi egiten ari gara. Ederra izaten ari da esperientzia.

  • Zuen ustez, zeintzuk izango dira programan parte hartzearen erronka nagusiak?

Gentzane: Nik uste dut programa honen parte izateak ekarpen positibo handia egingo digula. Herrialde desberdinetako 40 ekoizle gara, errealitate oso desberdinekin, zinemari buruzko ikuspegi oso desberdinak dituzten generoak lantzen ditugun zinemagileak. Uste dut esperientzia honek beste errealitate eta aukera batzuk aztertzeko aukera emango digula, agian aurretik planteatu ez ditugunak. Bestalde, workshop oso bizia da, lan handia egiten da eta oso goi mailako mentoreak ditu.

Iratxe: zurea ez den hizkuntza batean gidoia landu behar izatea ez da erraza izango nahiz eta ingelesez lan egiten ohituak egon. Gure erronka izango da gidoia sendotzea eta azken bertsioa EAVE-tik ateratzea. Bestalde, proiekturako darabilgun ekoizpen eredua borobiltzea eta nazioartera eramatea pelikula.  

  • EAVE ekimenak Europa Creativa MEDIAren babesa du. Zer eragin dute horrelako programek ikus-entzunezkoen industrian?

Gentzane: Programa hauek oso garrantzitsuak dira zinemaren ekosistema osatzen dugun profesionalentzat. Horrelako ekimenek aukera ematen digute nazioarte mailan harreman-sare bat ehuntzeko eta garatzeko. Beste zinemagile eta sortzaile batzuekin eskuz esku lan egin ahal izatea oso esperientzia aberasgarria da.

Iratxe: Lan egiteko moduak partekatzeko eta prozesu desberdinak, batzuetan berriak, ikasteko aukera eskaintzen du. Industriak, sorkuntzak, elkarrekintza behar du hazteko. Proiektuak, profesionalak, ez dira ‘irla’ bat, ez daude isolatuak, elkarrekintzan daude eta hori gure lanaren onerako da.

  • Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik hainbat prestakuntza-tailerretan parte hartu duzue. Azkenekoa Miguel Machalskirekin gidoi garapenean. Nola baloratuko zenituzke ekimen horiek?

Iratxe: Oso aberasgarria izan zen. Berehala konektatu zuen Miguelek ‘Bide guztiak irekiak daude’ proiektuarekin eta gure helburuak ere ulertu zituen. Ildo horretan oso lagungarriak izan ziren bere aholkuak eta bere aholkularitza guretzat. Machalski bezalako gidoilari batekin zure ideiak partekatzea, alderatzea, gure proiektua sendotu du.