David Pérez Sañudo zuzendariak 'Azken erromantikoak' aurkeztuko digu, Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioko Zuzendari Berriak sailean parte hartuko duen bere azken lana.
Zein izan zen ‘Azken erromantikoak’ lanaren hasierako inspirazioa?
Egia esan, erreferente argietatik aldentzen saiatu gara. Iruneren eta bere inguruaren gaineko begirada naturalista eskaintzea zen gure helburua, estetika erredundante bat erabili gabe.
- Zer erronka izan zenituzten aurrean, istorioa pantaila handira eramateko orduan?
Horren gogoetatsua den eleberri bat irudietara eramatea erronka zaila izan da. Ez genuen aldendu nahi proposamen naturalistatik, baina, aldi berean, bereizi egin nahi genuen azken hamarkada eta erdian zehar jaialdietan sarritan ikusi ditugun kode estetikoetatik (itxura dardeniarra, edo dokumentalaren eta fikzioaren arteko hibridoa, jaialdietako sekzioak hartu dituena, behin eta berriz antzeko balioak erakutsiz), enkoadraketa landuagoak erabiltzeko beldurrik gabe, soinu-bandari uko egin gabe edo argazki atmosferikoari uko egin gabe. Eta, azkenik, ahalik eta gehien arakatu nahi genituen erromantizismoaren mugak, pertsonen eta lurraldeen mitifikazio gisa ulertuta, baita pinpirinaren esanahira gerturatuta ere.
- Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean parte hartzea lorpen handia da. Zer esan nahi du aukera honek zuretzat eta zure ibilbidearentzat?
Aukera eman diguten jaialdia eta saila dira, eta hala hartzen dugu. Etxean estreinatzea polita da. Dena den, konfiantza ikaragarria dugu pelikularen potentzialean, lehiaketa edozein izanik ere.
- Zer espero duzu eramango duela publikoak, pelikula ikustean?
Zain nago, oso gogotsu zer harrera duen ikusteko. Zinemaldiko sarrerak segituan saldu dira, eta horrek esan nahi du euskal ikusleek benetako interesa dutela pelikula ikusteko. Zerbait ezberdina, definitzeko zaila den pelikula bat, ikusi dutela senti dezaten gustatuko litzaidake.
- Europa Creativa MEDIAren laguntza jaso zuen filmak. Zer eragin izan du laguntza honek ‘Azken erromantikoak’ lanaren garapenean?
Horrelako laguntzak funtsezkoak dira. Proiektuari gora egiten lagundu dio, eta finantzaketa erraztu du.