
Donostia Zinemaldiak Zinemaldia Startup Challenge lehiaketaren seigarren deialdia ireki du. Estatuko eta Europako ekintzaileei eta startupei zuzendutako lehiaketa da, eta ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak txertatzen dituzten proiektuak biltzen ditu.
Ekimena Zinemaldia & Technology ekitaldiaren esparruan kokatzen da. Zinemaldiaren apustu estrategikoa da Zinemaldia & Technology, eta teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko eta bi sektoreen arteko harremanak estutzeko gune gisa kokatzeko jomuga du.
Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren lehiaketa horietara aurkezteko, proiektuek hainbat baldintza bete behar dituzte: ekintzaile batetik edo duela gutxi sortutako –hots, 2018ko abenduaren 31ren ondoren eratutako– startup batetik abiatzea, zer garapen-fasetan dagoen alde batera utzita; ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak aplikatzean oinarrituta egotea; egoitza fiskala Espainian edo Europako beste herrialderen batean izatea eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzeko aukera kontuan hartzea.
Hautatutako proiektuak irailaren 26an Donostia Zinemaldian garatuko den Zinemaldia & Technology jardunaldian aurkeztuko dira. Jardunaldi horretan, sektoreko profesional garrantzitsuen arteko hitzaldi bat ere antolatuko dira, gaurkotasuna duten gaiei buruzkoak. Berrikuntza gisa, hautatutako proiektuek balizko bazkideekin biltzeko aukera izango dute aurten.
Izena emateko epemuga: maiatzak 31.