"Ni zinemagilea banaiz, hein handi batean, Donostiako Zinemaldia txikitatik bizi izan dudalako da"
Mikel Gurrea, ‘Suro’ pelikularen zuzendaria
‘Suro’ filmak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartuko du. Zer balio du horrek pelikularentzat?
Ohore ikaragarria izan da guztiontzat. Filmari erakusleiho ezinhobea zabaltzen dio, baita bere etorkizuneko ibilbidea indartu ere. Oso pauso garrantzitsua da. Nire lehen film luzea Sail Ofizialean egotea, Donostian, nire hirian, eta Kursaaleko pantailan erakutsi ahal izatea oso gauza berezia da niretzat. Amets bat.
Zure ustez, zein onura ekar diezazkizuke Zinemaldian parte hartzeak?
Filmaren banaketari bultzada erraldoia eman dio, zalantzarik gabe. Oraindik, filmak zer nolako harrera jasoko duen ikustea falta zaigu eta apaltasunez begiratzen diot denari, baina badakigu Zinemaldiko Sail Ofizialean egoteagatik jende gehiagok ikusiko duela, herrialde, zinema-areto eta plataforma gehiagotara iritsiko delako. Hori jada gertatu zaigu eta oso ederra izaten ari da. Arlo profesionalean, hurrengo filmak egiteko animoa ematen dit eta nolabaiteko babesa ere. Arlo pertsonalean, ez dut hitzik sentitzen dudana deskribatzeko. Ni zinemagilea banaiz, hein handi batean, Donostiako Zinemaldia txikitatik bizi izan dudalako da. Gainera, familia eta lagunekin estreinaldia partekatu ahal izatea oso hunkigarria izango da.
Zuen lana aurrera atera ahal izateko Europa Creativa MEDIAren babesa ere izan duzue. Zein garrantzia izan du laguntza honek?
Oso garrantzitsua izan da. Izan ere, ‘Suro’ pelikularen garapena ganoraz egin ahal izateko baliabideak eman zizkigun Europa Creativa MEDIAren laguntzak. Gure kasuan, lokalizazioak bilatzeko eta aktore ez-profesionalen tokiko castinga egiteko erabili genuen. Kataluniako eskualdeetan barna murgiltzeko aukera eman zigun eta ez-ohikoa den casting prozesua sakontasunez gauzatu ahal izan genuen. Gainera, MEDIAren laguntza jasotzeak konfiantza ematen die gainerako erakundeei filmaren alde apustu egiterakoan.
Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Orain hiru film luze proiektu garatzen ari naiz. Hirurak aldi berean. Haietatik nire hurrengo filma zein izango den garapenak eta laguntzek esango dute, baina hirurek pizten didate irrika. Horretaz gain, ‘Suro’ pelikularen promozioan buru-belarri ibiliko naiz datozen hilabeteotan, estreinaldia Estatuko zinema-aretoetan abenduaren 2an izango da eta.