“‘Karateka’ ekoiztea orain arteko gure erronkarik handiena izan da”Albisteak

Leire Apellanizek ‘Karateka’ filmarekin bere ibilbideko proiektu handinahienetako bati egin dio aurre. Aritz Morenok zuzendutako filma Donostiako Zinemaldiaren barruan estreinatuko da Velodromoan. Filmaren ibilbideaz, halako ekoizpen batek dakartzan erronkez eta MEDIA programak garapenean izan duen rolaz hitz egin digu ekoizleak.

‘Karateka’ aurten iritsiko da Donostia Zinemaldira eta Belodromoan estreinatuko da. Zer suposatzen du zuretzat, ekoizle gisa, une honetara iritsi eta filma lehen aldiz publikoarekin partekatzeak?

‘Karateka’ filmaren bidea oso zorrotza izan da, baina baita oso polita ere. Protagonistak urrea lortzeko egindako ibilbidearen antzera, proiektu honen ekoizpena Señor y Señora ekoiztetxetik orain arte abiatu dugun abenturarik handinahiena eta proiekturik handiena izan da. Gogo handia dugu filma publikoarekin partekatzeko. Eta zer leku hoberik estreinaldirako, jatorrian kirolerako pentsatutako espazio bat baino, Belodromoa, alegia, 2.300 ikuslerentzako edukierarekin eta Zinemaldiko pantailarik handienarekin. Pozik gaude eta oso hunkituta eta ziur publikoak asko gozatuko duela istorio hau. Urriaren 30ean iritsiko da Estatuko zinemaaretoetara Warner Brosen eskutik.

Zerk erakarri zintuzten Aritz Morenoren proiektutik eta zerk bultzatu zintuzten ekoizpenetik ‘Karateka’ filmaren aldeko apustua egitera?

Aritz asko miresten dugun zuzendaria da, eta oso lotura pertsonal handia du gurekin, baita Japoniarekin ere. Sandra Sánchez, Talavera de la Reinako karateka baten bizitza pantaila handira eramateko ideia aurkeztu zigunean, ez genuen zalantzarik izan: proiektuak gure balioekin bat egiten zuen, eta ziur geunden, Aritzen esku, film harrigarria izango zela. 39 urterekin, Sandrak urrezko domina irabazi zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan. Karateak diziplina olinpikoa izan zuen historiako aldi bakarra izan zen.

‘Karateka’ filmak Europa Creativa MEDIAren laguntza izan du, Slate Funding laguntzaren bidez. Zer ekarri zuen laguntza hori izateak filmaren garapenean, eta zer aukera ireki zizkizuen ekoiztetxe gisa?

Ageriko finantza-laguntzaz harago —gurea bezalako ekoiztetxe independente batentzat funtsezkoa da filma ahalik eta modurik onenean garatzeko beharrezko tresnak izatea—, Slate Funding baten onuradun izateak beste maila batean kokatu gintuen industriaren barruan, bai eskualdean, bai estatuan, bai Europan. Nolabait esateko, beste liga batean jokatzeko aukera eman zigun.

Europa Creativa MEDIAk 35 urte betetzen ditu aurten. Ekoizle gisa duzun esperientziatik, zer balio dutela uste duzu MEDIA bezalako Europako programek ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko eta herrialde desberdinetako profesional eta enpresen arteko lankidetza bultzatzeko?

Europako kultura oro har zaintzeko, balio humanistak sustatzeko eta ekoiztetxeen independentziari eusteko, ezinbestekoa da MEDIA bezalako programa bat izatea. Guretzat, behintzat, funtsezkoa izan da ikuspegi ekologiko, feminista eta inklusibeko proiektuak aurrera eraman ahal izateko.

‘Karateka’ filmaren ondoren, zer erronka eta proiektu berri dituzu aurrean ekoizle gisa?

Une honetan, hainbat proiektu garatzen ari gara: Zaira Zangituren ‘Pajarracos’ dokumentala eta Ion de Sosak zuzenduko duen ‘Regiones Devastadas’ fikziozko film berria, Chema García Ibarraren gidoian oinarrituta. Bestalde, nire lehen fikziozko filma prestatzen ari naiz zuzendari gisa.