Estibaliz Urresola zuzendariaren ‘20.000 erle espezie’ filma Berlingo Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da. Sirimiri Films eta Gariza FILMSek ekoitzitako lana da.
Nola izan da '20.000 erle espezie' filma Berlingo Nazioarteko Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzeko hautatua izatea?
Inoiz jaso dudan Gabonetako oparirik handiena izan da, oporren bezperan jaso baikenuen berria, eta sekulako ezustekoa izan zen, ez genuen inola ere espero. Izugarri pozik geunden bai Lara Izaguirre eta Valérie Delpierre ekoizleak, baita ni ere, baina, aldi berean, oinak lurrean mantentzen saiatu ginen, aste gogorrak zetozelako filma amaitu eta Berlinen ahalik eta emaitzarik onena erakusteko.
Zer nolako zeresana du Sail Ofizialean opera prima bat estreinatzen duen espainiar Estatuko lehen emakumea izateak?
Alde batetik, sentsazio konplexua eta oso atsegina dakarkit. Ohorea da, noski. Benetan eskertzen dut Berlingo Zinemaldiak pelikula hau bere Sail Ofizialerako aukeratu izana. Gainera, oso pozik nago talde osoak pelikula osatzeko egin duen lanagatik. Ez nuen inoiz imajinatuko filma estreinatzeko eszenatoki hoberik. Aldi berean, errespetu handia ere ematen dit, Sail Ofizialean oso ezagunak diren eta miresten ditudan lankide zinemagileak baitaude. Bestalde, apaltasunez ekin diot erronka honi, eta oso berezia izaten ari dela jakinda. Hesi bat hausten den bakoitzean, gauzak posible direla esan nahi du. Zerbait lehenago gertatu ez bada ezinezkoa delako pentsakera horrek ez du hainbesteko indarrik izango etorkizuneko zuzendariengan. Azkenean, ni ere honaino iritsi naiz beste batzuek lehenago bide hori ireki dutelako. Carla Simón, Pilar Palomero eta Alauda Ruiz de Azua zuzendariek Berlingo Zinemaldiko sail ezberdinetan estreinatu zituzten beren filmak, Elena López Rierak Cannesen egin zuen bezala. Hori azken urteotan gertatzen ari den prozesu baten emaitza da, eta, alde horretatik, oso berri ona da euskal zinemaren industriarentzat.
Espero zenuen zure lana munduko jaialdirik garrantzitsuenetako batean estreinatzea?
Ez nuen espero Berlingo Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatzea. Egia da aurreprodukzio-prozesuaren amaieran eta Berlinaleko Coproduction Market-en parte hartu genuenean, aukera txiki gisa planteatu genuela.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Uste dut denok ditugula mugiarazten gaituzten istorioak, galderak sortzen dizkigutenak eta sakontzea gustatuko litzaigukeenak. Oraintxe bertan denbora falta da. ‘Cuerdas’ film laburraren promozio eta ekoizpenaren eta '20.000 erle espezie' filmaren aurreprodukzio, filmaketa eta postprodukzioaren artean, 15-18 hilabete daramatzat proiektu hauetarako esklusiboki lanean. Gainera, zorionez, ‘Cuerdas’ film laburrak ere oso ibilbide ona izan du eta buru-belarri sartu gara filmari laguntzeko lan horretan, ikusleei aurkezpen onena eman ahal izateko. Egia esan, asko gustatuko litzaidake dena pixka bat lasaitzea, proiektu berrietan zehatzago pentsatzen hasteko.
Garrantzitsua iruditzen zaizu Europa Creativa MEDIA bezalako programen laguntza ikus-entzunezko proiektuen garapenerako?
Bai horixe. Marketin zein nazioarteko koprodukzio tailerretan parte hartzeko aukera izan nuen eta oso esanguratsua izan zen nire filma hasieratik komunikatu behar zelako, proiektua ondo bideratzen lagundu zidan. Nire kasuan, topaketan parte hartzeko hautatua izan nintzenean, garai hartan hasi berria zen Sirimiri Films ekoiztetxetik egin nuen. Niretzat oso garrantzitsua izan zen proiektuak aurkezteko, garatzeko eta komunikatzeko irizpide hori ezartzea. Gainera, gaizki gogoratzen ez badut, nazioarteko koprodukzio tailerrean parte hartu izanak Donostiako Zinemaldiko industrian sartzeko aukera ematen zigun. Oso esperientzia garrantzitsua izan zen, material grafikoen ekoizpena martxan jartzera behartu ninduelako, eta oraindik proiektua oso hasierako fasean bazegoen ere, ekoizleei eta erakundeetako eragileei aurkezteko dinamikan sartzera eraman ninduen. Bide honetan ez dakizu oso ondo pieza guztiak nola lotuko diren, baina emandako pausoek bidea zabaldu ziguten laborategien, garapenaren, proiektuen eta gainerakoen merkatuan, eta horrek guztiak pelikula hazten lagundu zuen. Azkenean, horri esker iritsi gara honaino.