Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik eta Tabakalerak gidoiak idazteko eta proiektuak garatzeko tailerra Albisteak

Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak eta Tabakalerak film luzeen eta dokumentalen proiektuen gidoiak idaztera bideratutako tailerra antolatu dute datorren martxorako Tabakaleran, Miguel Machalskiren zuzendaritzapean.Gidoiak idazteko tailerra martxoaren 29, 30 eta 31n izango da Tabakaleran Miguel Machalski gidoi analista ospetsuaren eskutik. Clint Eastwooden 'Million-dollar Baby', Stephen Daldryren 'Billy Elliot', Ingmar Bergmanen 'Sarabanda' eta Alejandro Amenabarren 'Mar Adentro' filmetako analista gisa lan egin du, eta hainbat jaialditan saritutako film askoren aholkularia ere izan da. Gainera, tailerrak eta aholkularitzak ematen ditu munduko hainbat lekutan; CDArekin lan egin du Bartzelonan, Binger Instituarekin Amsterdamen, EAVEn eta MEDIA programako hainbat tailerretan hartu du parte. Gaur egun, aholkulari gisa dihardu Flandriako sustapen-funtsarekin (VAF), Luxenburgoko Centre National Audiovisuel-ekin (CNA) eta Torino Feature Lab-ekin.Helburuak:

  • Gidoiaren garapen eta idazketa prozesuan orientazioa ematea.
  • MEDIA Co-development deialdirako proiektuak prestatzea.
Metodologia:
  • Pertsonalizatutako aholkularitza (feedback-ak, ideiak, iradokizunak, aholku praktikoak...).
Xede-taldea:
  • Film luze baten proiektua garatzen ari diren eta egoitza Euskadin duten gidoilariak edo gidoilari/zuzendari/produktore taldeak –gehienez, proiektuko hiru pertsonek parte har dezakete–.
Lanerako hizkuntza:
  • Gaztelera.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa –PDF edo word formatuetan aurkeztutako artxiboak baino ez dira onartuko–:
  • Orrialde bakarreko sinopsia.
  • 10-15 orri inguruko tratamendua, eskuragarri baldin badago, elkarrizketa duten 2 edo 3 eszena edota eskaleta.
  • Parte-hartzaileen CVa.
  • Ekoizlearen CVa eta ekoiztetxearen ibilbidea.
  • Telebistekin izandako hitzarmenei eta jasotako laguntzei buruzko informazioa.

Aholkulariek aukeratuko dituzte tailerretan parte hartuko duten proiektuak; gehienez, sei. Hautatutako proiektuak garapen-fasean dauden zinemarako edo telebistarako film luzeak edo dokumentalak izango dira.

Aurkezteko data:Honekin batera atxikita dagoen formularioa behar bezala beteta bidali behar da, eskatutako dokumentazioarekin batera, 2022ko otsailaren 22a baino lehen Europa Creativa Desk MEDIA Euskadira (info@europacreativaeuskadi.eu).

Informazio gehiagorako: 943 326837.