“Berlinale Talents bezalako erakunde batek nire proiektuan interesa erakusteak behar dudan motibazioa ematen dit”Albisteak

Lur Olaizola zuzendaria aukeratu dute Berlinale Talents nazioarteko prestakuntza eta networking plataforman parte hartzeko. Hitzordua otsailaren 13tik 18ra izango da Berlinen. Bertan, bere lehen film luzea sektoreko profesional ospetsuekin partekatzeko aukera izango du, baita nazioartean zuzendari gisa izan duen ibilbidea aberasteko ere.

  • Berlinale Talents programarako 200 profesional baino gehiagoren artean aukeratua izatea oso aitorpen handia da. Zer suposatzen du zuretzat profesionalen nazioarteko komunitate honetako kide izateak?

Egia esan, oso pribilegiatua sentitzen naiz. Eman didaten aukera honek bultzada handia emango dio esku artean daukadan proiektuari —edo, behintzat, hori espero dut. Pelikulak egitea ez da batere erraza: orain arte lau film labur egin ditut, eta une honetan lehen filma garatzen ari naiz. Badakit bide luze eta zaila izango dela, baina Berlinale Talents bezalako erakunde batek nire proiektuan interesa erakusteak behar dudan motibazioa ematen dit prozesu honetan.

  • Ekimen honek tailerrak eskaintzeaz gain, nazioarteko lankidetzarako guneak ere sortzen ditu. Zure ustez, nola lagun dezake esperientzia honek zure garapenean, nazioarteko zuzendari gisa?

Alde batetik, programan parte hartuko duten profesionalekin izango ditudan hartu-emanek nire proiektua sendotu eta aberastu egingo dutela uste dut. Bestetik, Berlinalek duen izen eta prestigioagatik, nire proiektua jaialdiarekin lotzea oso onuragarria izango dela iruditzen zait.

  • Berlinale Talents Europa Creativa MEDIA programaren babesean dago, eta talentu berrien prestakuntza eta nazioartekotzea bultzatzen ditu. Zure esperientziatik, nolako garrantzia dute halako ekimenek talentu berrientzat?

Pelikula bat egiteko, zineman hainbat pauso eman behar dira. Nire lehen filma izanik, programan parte hartzeak pauso horietako batzuk ezagutzen eta ikasten lagunduko dit, eta hori oso garrantzitsua da niretzat. Adibidez, egin nahi dudan film luzea nola azaldu eta nola saldu ikasi beharko dut.

  • Proiektu zehatzen batekin parte hartuko duzu? Hala bada, zertan datza?

Oraindik prozesuaren lehenengo pausoetan nago, eta, beraz, ezin dut gehiegi kontatu. Pelikularen gidoiaren lehen bertsioa badaukat, eta une honetan tonu egokiaren bilaketan nabil.

  • Zer espero duzu ekarriko dizula esperientzia honek, bai profesionalki eta bai pertsonalki?

Nik uste dut esperientzia aberasgarria izango dela zentzu guztietan. Adibide bat jartzearren: Berlinera jo aurretik, online saio batzuk izango ditugu. Lehenengoa Gyula Gazdag izeneko zuzendariarekin izango dut, nire proiektuaren inguruan. Egun hauetan bere filmak ikusi ditut, eta nire proiektuarekin dituzten puntuak amankomunean jar ditzakegula uste dut. Beraz, irrikan nago zuzendariarekin lan saio hori egiteko, eta ziur nago pertsonalki eta profesionalki oso berezia izango dela.