
Laura Fernández Brites (Filmax) Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Tabakalerak eta SSIFFek antolatutako nazioarteko bokazioa duten zinema-proiektuetarako aholkularitza saioen tutorea izan zen. Ekoizlearekin hitz egin dugu, eta garapen-fasean edo aurreprodukzio-fasean dauden film luzeen proiektuak dituzten ekoizleei zuzendutako ekimen honen azterketa egin du.
- Zer proiektu motak parte hartu zuten?
Hainbat motatako proiektuek parte hartu zuten, hala nola fikziozko film luzeek, animaziozkoek eta dokumentalek. Garapenaren eta finantzaketaren fase ezberdinetan zeuden horiek. Batzuk amaierako finantzaketaren bila ari ziren, filmatzen hasteko; beste batzuk nahiko aurreratuta zeuden filmaketan, baina erronka finantzarioak zituzten; eta batzuk oraindik gidoiaren garapeneko fase goiztiarretan zeuden, baina finantzaketaren egituran lanean ari ziren jada.
- Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren tailerraren zer balantze egingo zenuke? Zure ustez garrantzitsua al da horrelako egitasmoak garatzea?
Programa honi esker, nazioarteko kofinantzaketari eta koprodukzioari buruz dituzten zalantzak eta aukerak parteka ditzakete esperientzia handiagoa zein txikiagoa duten ekoizleek. Proiektu askoren kasuan, nazioartekotzearen bultzada giltzarria da euren proiektua aurrera eramateko, eta bazkiderik egokienak topatzen saiatzea da tailerraren zati baten helburua; edo, gutxienez, lehenengo estrategia bat marrazten hastea.
Egitasmo oso garrantzitsua da eskualdean ikus-entzunezko industriaren garapena sustatzeko, tokiko profesionalak beste eskualde batzuetako profesionalekin konektatzeko, eta denen artean bakoitzak bizi izan duen eta eskain dezakeen esperientziaz elikatzeko.
- Zer gomendio emango zenizkieke nazioarteko koprodukzioak egiteko interesa duten zinemagile hasiberriei?
Gidoia oso ongi lantzeko gomendatuko nieke; ez dadila zalantzan jarri proiektua sendoa dela. Istorio on bat lantzea; proposamen erakargarria, ezberdina, originala izatea. Pertsonaiaren arku interesgarriarekin. Eta proiektua bideragarria izatea. Gidoia sendoa bada, zati garrantzitsu bat irabazita duzu jada. Ikus-entzunezko industria dagoen merkatuetara joateak (Donostia Zinemaldia, Cannes, Berlin, Iberseries...) aukera ematen dizu ekoizleak, zuzendariak, gidoilariak... ezagutzeko. Lotura horiek egitea eta harremanak sortzea zati garrantzitsua da. Azkenik, datozen urteetan ezkonduta egotearen gisakoa izango da koprodukziorako kide bat aukeratzea. Ongi aukeratu. Ikertu nor den, merkatuak zer erreferentzia ematen dizkizun. Konfiantza eta komunikazioa funtsezkoak dira. Koprodukzioak naturala izan behar du, organikoa. Era berean, esku artean duzun proiektuaren, hura hazteko erabili nahi duzun moduaren eta bilatzen duzun estrategiaren araberakoa izango da koprodukziorako kide bat edo bestea aukeratzea. Koprodukziorako kidea aukeratzeko estrategiak, era berean, zure proiektua, finantzaketarako laguntzak eta zein jaialditara joan nahi duzuen zehaztuko ditu.
- Zer garrantzi dute nazioarteko jaialdi eta azokek koprodukzio on bat ziurtatzeko?
Azoketara joateak aukera ematen dizu hainbat herrialdetako jende asko ezagutzeko. Horietako askotara joanez gero, eta azokaz azoka zure lankideak ikusiz gero, konfiantzazko harremanak sortzen dira. Errazagoa da dagoeneko ezagutzen duzun norbaitekin lan egitea, inoiz hitz egin ez duzun norbaitekin lan egitea baino. Uste dut azokak funtsezkoak direla harreman horiek sortzeko, aurrerago harreman seguruak bihurtuko direnak, eta koprodukzioari bidea emango dietenak.