
Berlinaleko 2022ko Co-Production Marketek ‘20.000 especies de abejas’ lana aukeratu zuen aurtengo ediziorako 32 herrialdetako 34 proiekturen artean. Esti Urresola zuzendariak hautaketa honek eta horrelako jaialdi garrantzitsu baten parte izateak zer suposatu zuen kontatu digu.
Zer izan da zuretzat Berlinale bezalako jaialdi garrantzitsu batek zure lana hautatu izana?
Poz handia eta sorpresa oso atsegina, eta are gehiago kontuan hartuta mundu mailan erreferentea den jaialdietako bat dela. Bertan, EFMrako (European Film Market) aukeratutako proiektuen hautaketa oso zehatza egiten da. Jaialdiak proiektu guztiak irakurtzen dituen batzorde bat du eta honek, gidoiak, bidaltzen dugun dossierra eta produkzioaren diseinuari buruzko informazio guztia irakurtzen du. Beraz, hautatuak izateak esan nahi du proiektuan eta gidoian lantzen aritu garen guztia emaitzak ematen ari dela, eta, horren ondorioz, ‘20.000 especies de abejas’ proiektu interesgarria dela Europako merkatuarentzat ere.
Zein jarduera egin dituzue Berlinale Co-Production Marketen barruan? Nolakoa izan da dinamika?
Pena izan da aurrez aurrekoa ez izatea, baina egia da lan handia eta zehatza egin dela online egin diren bilera guztiak ahalik eta arinen eta modu eraginkorrean egin zitezen, eta, egia esan, hala izan da. Guk 35 bilera izan ditugu merkatuko lau egun hauetan, eta oso esperientzia bizia izan da. Aldi berean, produktiboa ere bai; izan ere, nazioarteko salmenta-agente ugarirekin harreman zuzenean jartzeko aukera eman digu, baita Belgikako eta Frantziako ekoiztetxeekin ere, horiek izan baitaitezke gehien interesatzen zaizkigun lurraldeak. Oso pozik amaitu dugu.
Zure ustez, zein onura izan ditzake jaialdian parte hartzeak?
Prentsa espezializatuan eta espezializatu gabean oihartzuna lortzen lagundu digu; izan ere, merkatu horretan egoteak bertan parte hartzen duten Europako industriako eragileek zure proiektuari buruzko berriak izatea ahalbidetzen du. Merkatu horiek sustapen-lan handia egiten dute. Eta gero, toki eta lurralde-mailan berria dezente zabaldu da, eta oso pozik gaude Euskadiko prentsak eta irratiek emandako oihartzunarekin.
Zer balorazio egiten duzu zure parte-hartzeaz? Uste duzu lagungarri izan dakizukeela ate berriak irekitzeko?
Jakina, oso balorazio positiboa egiten dut. Orain, bilera eta negoziazioekin hasiko gara eta zer gertatzen den ikusi behar dugu. Nolanahi ere, parte hartu izana eta lana erakutsi ahal izatea oso aukera polita da. Izan ere, proiektuaren gidoia eta nire aurreko film laburrak ikusi dituzte eta, jakina, ate berriak irekitzeko balio dezake. Hala ere, gaur egun oso zaila da hurrengo pausoak zeintzuk diren imajinatzea.
Aurkeztuko zeniguke zure film luzea? Zer egoeratan dago?
‘20.000 especies de abejas' da nire opera prima. 2018an hasi nintzen idazten Gariza Filmsek antolatzen duen ‘Una habitación propia’ izeneko egoitza artistikoan, eta urte berean lehen bertsioa aurkeztu nuen Eusko Jaurlaritzaren laguntzetara. Lehen bultzada instituzional horretaz gozatu ahal izan nuen eta horrek gidoiaren lehen bertsioak idazten hasteko aukera eman zidan. Bultzada hori NOKA Mentoring programaren lehen edizioan hautatua izan nintzenean jaso nuen laguntzarekin berretsi zen. Programa horretan, proiektuak garapen handia izan zuen sorkuntzari, gidoiari eta programaren esparru estetiko eta atmosferiko guztiari dagokionez. Gainera, Sirimiri Films sortzen lagundu zidan, hasieratik proiektua bultzatzen aritu den ekoiztetxea. Horrela aurkeztu ahal izan nuen lehen aldiz lana Abicine Lanza-n. Gero Gariza Films gehitu zen modu ofizialean, eta The Screen-en La Incubadora programan hautatuak izan ginen. Hori ere inflexio-puntu garrantzitsua izan zen, leku nazionalagoan eta, aldi berean, nazioartean kokatu gintuelako, programak duen harreman, irakasle eta masterklas-sare osoagatik. Hor hasi zen ibilbide hau, gero Frantziako ‘Premier plan’ laborategian edo EFMan parte hartu genuen, adibidez.
Laguntzei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren eta Kulturaren, EITBren eta RTVEren finantzazio laguntza jaso dugu. Orain aurreprodukzio fasean gaude eta uda honetan filmatzeari ekiteko prest gaude. Horretarako, castinga martxan dugu. Argitalpen hau aprobetxatu nahi genuke 8 eta 10 urte bitarteko haur guztiak, eta 5 eta 14 urte bitarteko neskak film honetan parte hartzera animatzeko. Trantsizio ibilbide bat egingo duen familia bati buruz hitz egiten du film honek. Hasiera batean zauri irekiek eta elkarrekiko errekonozimendu faltak zatikatuta zeuden loturak berrezartzean datza. Bidaia honen protagonistak ama eta transexualitate-egoeran dagoen alaba adingabea izango dira. Neska honek beharrezko urratsak emango ditu bere familiak onartu eta maite dezan.
Zer balantze egiten duzu Europa Creativa MEDIAk antolatutako tailerretan parte hartzeari buruz? Zure ibilbide profesionalean aurrera egiten lagundu dizutela uste duzu?
Jakina, prestakuntzarekin zerikusia duen guztia oso garrantzitsua da gure sektorearentzat, eta etengabe zure proiektuen komunikazio, salmenta eta sustapen guztia hobetzen saiatzea eguneroko lana bezain garrantzitsua da. Alde horretatik, parte hartu nuen nazioarteko marketin eta koprodukzio tailerrak ere oso onuragarriak izan ziren proiektuarentzat eta niretzat, ekoizle gisa.
Zer ibilbide egiteko asmoa duzu orain? Beste merkatu batzuetan parte hartuko duzu?
Gaur egun, uste dugu Berlinen izan berri dugun parte-hartzearekin amaitutzat emango genukeela garapen, promozio eta finantzaketa-bilaketaren zati hori, eta filmaren aurreprodukzioan zentratuko gara erabat, uda honetan hasiko gara filmatzen eta 2023an estreinatzeko asmoa dugu.