"Europa Creativa MEDIA Euskadik antolatutako tailerretan parte hartu dugu eta oso interesgarriak iruditu zaizkigu beti"Albisteak

Ez da Iker Ganuzak Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik antolatutako tailerretako batean parte hartzen duen lehen aldia. Ekoizleak bertan lortu dituen onurak kontatu dizkigu, eta bere hurrengo proiektuei buruz hitz egin dugu berarekin.

Iaz Europa Creativa-ren TV & Online Content laguntza jaso zenuten Frantziarekin koprodukzioan. Azalduko diguzu zertan datzan laguntza hori?

Laguntza hori jaso genuen ‘La caza de brujas en Lapurdi’ Bellota Films ekoiztetxe frantsesarekin eta ARTE katea aliatu nagusiarekin batera egiten ari garen dokumentalerako. Laguntza horrek koprodukzioari sendotasun handiagoz aurre egiteko aukera eman digu, eta target desberdinetarako nazioarteko eta formatu anitzeko proiektu bat eraikitzen lagundu digu.

Aurten MEDIAren beste laguntza batera aurkeztu zarete, Co-development deialdira. Zerk bultzatu zintuzten aukera hau bilatzera?

MEDIA Co-development deialdiko dosierra prestatzea erabaki genuen, Frantziako produktore ospetsuenetako batekin (Agat Films) proiektu bat garatzen ari garelako, eta uste genuen oso ondo egokitzen zela laguntza-ildo horren jarraibideetara. Oso proiektu berezia da, euskaraz, eta uste dugu finantzaketa-fasean Europak laguntza ematea bultzada handia izango litzatekeela proiektua gauzatzeko. Aurretik MEDIA co-development laguntza jaso izan dugu eta oso mesedegarria izan zaigu.

Zalantzarik gabe, nazioarteko lankidetzak ate asko ireki ditzake. Laguntzak eskatzeaz gain, zer beste onura aurkitu dituzue Europa Creativa erakundeko online mintegietan eta tailerretan parte hartzean?

Europa Creativa MEDIA Euskadik antolatutako tailerretan hainbat proiekturekin parte hartu dugu, hala nola gidoiak idaztekoan, pitchingekoan edo nazioarteko koprodukziokoan, eta oso interesgarriak iruditu zaizkigu beti. Proiektu batzuei buruz hitz egiteko aukera eskaini digute lehen aldiz gure egituratik kanpoko pertsonekin, eta ideia, aholku eta ikuspuntu berri eta aberasgarriak jaso ditugu.

Duela gutxi, Euskal Herriko bi ekoizle-elkarte nagusiek, IBAIAk eta EPE-APVk, bat egitea onartu dute. Zer ekarriko dio berritasun horrek euskal ikus-entzunezkoen sektoreari?
IBAIAren eta EPE-APVren batasunetik sortutako elkarte berriak euskal ikus-entzunezkoen sektorearen erronkei sendotasun handiagoz eta ahots paregabearekin aurre egiteko aukera emango du. Albiste bikaina da hainbeste urteren ondoren berriro elkarrekin egotea, eta, zalantzarik gabe, oso gauza positiboa izango da sektorearentzat.

Azkenik, aurreratu ahal diguzu zer proiektu dituzun gaur egun esku artean?

Gaur egun, Helena Tabernaren ‘Nosotros’ film berriaren postprodukzioan gaude. María Vázquez eta Pablo Molinero dira protagonistak, eta Isaac Rosaren ‘Feliz final’ eleberrian oinarrituta dago. Filma urte honen amaieran edo datorren urtearen hasieran estreinatuko da. Igor Legarretak berak eta Andoni de Carlosek idatzitako film luze bat ere prestatzen ari gara, Lazona eta Atresmedia Cine etxeekin batera. Ezer gutxi gehiago konta dezaket proiektu honetaz; garai bateko filma izango dela, epika eta tragedia dosi handiekin.