"Esperientzia honek ekoizpenaren ikuspegi askoz zabalagoa izaten eta erabakiak hartzeko eta aliantzak egiteko orduan aplikatzen lagunduko dit"Albisteak

Europa Creativa MEDIAk eta Film Fund Luxembourg-ek lagundutako EAVE Producers Workshop programak urtebeteko iraupena du eta garapen profesionalerako hiru aste intentsibo hartzen ditu barne, fikziozko proiektuak, dokumentalak eta telesailak garatzeko. Marian Fernandez euskal ekoizlea izan da ekimenean parte hartzeko aukeratutako 56 profesionaletako bat.

Nola jaso duzu EAVE Producers Workshop-en parte hartzeko hautatua izatearen berria?

Lehen tailer horren aurretik ez nintzen jabetzen EAVEn egoteak zer esan nahi zuen. Egia esan, banekien ez zela erraza parte hartzeko hautatua izatea. Dokumentuen aurkezpena eta elkarrizketa pertsonala oso zorrotzak izan ziren eta, hortik aurrera, lan handia egin behar izan genuen Luxenburgoko tailerraren aurreko asteetan. Horrek guztiak programa oso serioa zela erakusten zidan, baina orain, parte-hartzaileen eta adituen artean dagoen maila ikusita, erantzukizun handia sentitzen dut batez ere. Aukera hori ahalik eta gehien aprobetxatu behar dut.

EAVE Producers Workshop hiru saiotan banatuta dagoen prestakuntza-, garapen- eta networking-programa bat da. Lehenengoa Luxenburgon izan da. Azalduko zeniguke zertan datzan programa eta nolakoa izan den saioen dinamika?

Programa honek ekoizle-rolaren alderdi guztiak biltzen ditu fase guztietan: ekoizpena, ideiaren garapena, finantzaketa, koprodukzioa, banaketa, marketina... Proiektu zehatz batekin lan egiten dugu, baina garrantzi handia ematen diegu, halaber, enpresaburu gisa hartzen ditugun erabakiei eta epe luzerako estrategiei. Filmak zergatik, nola, zertarako eta norentzat egiten ditugun ere planteatzen dugu. Luxenburgon kontinente guztietako 56 ekoizle egon gara zazpi egunez, hiru taldetan banatuta, eta lan-saioek 9:00etatik 20:00etara arte irauten dute. Parte-hartzaileok industriako adituekin elkartzen ginen taldean; 14 laguneko taldetan ere biltzen ginen gure tutorearekin, eta banaka saioak ere egiten genituen gure gidoi-analistarekin. Nire taldekideen artean kroaziar bat, greziar bat, franko-amerikar bat, lituaniar bat, daniar bat, filipinar bat, italiar bat eta abar zeuden. Tutorea Estoniakoa zen, eta gidoi-analista bangladesh-suediarra. Guztien zorroztasun profesionala oso handia da; beraz, oso erronka suspergarria da.

Gainerako topaketak Norvegian egingo dira, ekainaren 7tik 14ra, eta Suedian, urriaren 14tik 21era. Zure ustez, zer onura ekar diezazkizuke esperientzia honek?

Uste dut inflexio-puntu bat izan daitekeela nire enpresaren estrategian, ekoizpenaren ikuspegi askoz zabalagoa izaten eta erabakiak hartzeko eta aliantzak egiteko orduan aplikatzen lagunduko didala, filmak modu eraginkorragoan ekoizteko.

Zer erronkari aurre egin ahal izatea espero duzu programa garatu bitartean?

María Elorzaren hurrengo filma garatzen ari gara, ‘Caro Bastiano’; beraz, erronka nagusia da EAVE urtea proiektu sendo batekin amaitzea, Italian eta Alemanian aliatuak batu eta laster ekoiztu ahal izateko. Oro har, konfiantza-sareak sortzea eta etorkizuneko proiektuetan nazioarteko aliatuekin lankidetzan aritzeko estrategiak formulatzea espero dugu.

Zer proiektutan ari zara lanean gaur egun, eta nola uste duzu eragingo duela prestakuntza-aukera horrek beren garapenean?

Asier Altunaren ‘Karmele’ filmaren ekoizpen bete-betean gaude. Gainera, udazkenean Koldo Almandozek zuzendutako ‘Zeru ahoak’ minisaila filmatuko dugu, zuzendariaren eta Harkaitz Canoren gidoiekin. Zalantzarik gabe, EAVEk proiektu horietarako marketin- eta banaketa-estrategia landuagoa izaten lagunduko dit, baina, bereziki, EAVE funtsezkoa izango da garatzen ari garen proiektuak ekoizteko planteamenduan eta epe ertain-luzera gure ametsetako filmak bihur daitezen.

Europa Creativa MEDIA EAVE ekimena bultzatzen duen erakundeetako bat da. Horrelako programak sustatzea garrantzitsua dela uste duzu?

Nire ustez, EAVE oso programa serioa eta zorrotza da. Oso ondo antolatua dago, eta Europa Creativa MEDIA ekimenaren helburuak argi betetzen ditu. Uste dut laguntza hori gabe pertsona askorentzat zaila izango litzatekeela programan sartzea, kostu handia dakarrelako, eta pena litzateke talentu handiko ekoizleak ikastarotik kanpo geratzea alderdi ekonomiko hutsagatik.

Urtean zehar, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik hainbat prestakuntza-tailer antolatu ditu (dosierrak, gidoiak, koprodukzioa, pitching-ak...), profesionalei beren proiektuak garatzen laguntzeko. Zer balorazio egingo zenuke haietaz?

Tailer horietan parte hartu ohi dut, nik zuzenean edo gure proiektuek, gidoilarien/zuzendarien bitartez, eta beti dira inspiratzaileak. Oso tailer laburrak izaten dira, eta batzuetan faltan sumatzen dugu lantzen diren alderdi batzuetan gehiago sakontzeko aukera ematea, baina niretzat beti dira interesgarriak. Proiektuaren hainbat alderdi zalantzan jartzen laguntzen digu, distantziaz aztertzen, beste begirada batzuei aurre egiten eta beste profesional batzuengandik ikasten.