Eduardo Carneros: "Euskadin munduko ekoizpen-polo bat sortzea gustatuko litzaiguke" Noticias

‘Extraños domingos de pesca’ telesaila eta ‘Red Fjords’ fikziozko filma dira Eduardo Carnerosen eta Euskadi Movie AIE, bere ekoiztetxearen, hurrengo proiektuak. 2022an estreinatzea espero duten telesailaren bilakaera aztertzen du euskal zinemagileak, eta bere estrategia komertziala azaltzen digu. Era berean, esku artean dituen beste proiektuez ere mintzatu zaigu, baita COVID-19aren pandemiak zinemaren industrian izan dituen ondorioez ere.

Zer sormen fasetan dago ‘Extraños Domingos de Pesca’?

Atal pilotua eta biblia moduko bat garatu ditugu, lehen denboraldian parte hartuko duten pertsonaien deskribapenak, sinopsiak, tramak eta azpi-tramak biltzen dituena. Melodrama eta zientzia fikzioa uztartzen dituen telesaila da, eta kapitulu bakoitzak 50 minutu inguruko iraupena izango du. Multibertsoaren (edo unibertso paraleloen) teorian inspiratua dago, eta pasatu zitekeen guztia gertatu dela baieztatzen du. Horrek esan nahi du hartzen dituzun eta alde batera uzten dituzun erabakien emaitza posible guztiak bizi ditzakezula. Beraz, posible diren amaieren adina unibertso daude. Horretan oinarrituta, ‘Extraños Domingos de Pesca (EDDP)’-k galdera honi erantzun nahi dio: “Non egongo nintzateke orain nire bizitzako une batean beste erabaki bat hartu izan banu?” Premisa horretatik abiatuz, telesailak Alexen istorioa kontatzen digu. Fisika kuantikoko irakaslea da, eta gailu bat asmatzen du gure arima geure buruaren bertsio alternatiboetako batean ezartzeko. Arrantzara joateko aitzakiarekin, igandero alokatutako etxe batean sartzen da bidaiatzeko eta ‘beste Alex’ horien gorputzak hartzeko: irabazlea, galtzailea, emakumezalea, bilaua, homosexuala, eskalea, aberatsa, emakumea... Telesailak, azken batean, gizarte modernoan erabakiak hartzeko eta geure bizitzaz arduratzeko ditugun zailtasunei buruz hitz egiten du, eta galdera sakonagoak planteatzen ditu nortasunaren eta existentziaren kontzeptu modernoari buruz, hau da, 'benetako ni'-ari buruz.

Zein publikori zuzendua dago telesaila?

Telesaila osatzen duten gai eta elementu unibertsalak direla-eta, publiko global batentzat erakargarria izango dela uste dugu. Gainera, produktu interesgarria izan daiteke hispaniar lurraldeentzat (Espainia, Latinoamerika eta Ameriketako Estatu Batuetako komunitate gaztelaniaduna). Hala ere, telesailaren elementu horiei eta erakargarritasunari esker, uste dugu Europako, Asiako edo AEBetako ikusleentzako interesgarria izan daitekeela, baita gaztelaniaz hitz egiten ez dutenentzat ere, fan fenomenoan oinarritutako telesail bezala. Marketin-estrategia egokia erabiliz gero, streaming plataformen bidez mundu osoko ikusleengana iristea posible izango litzateke. Eta, egia esan, inoiz ez da une hoberik egon plataformen bidez horrenbesteko hedapena lortzeko, publiko horri ez baitzaio axola, orokorrean,  jatorrizko bertsioan dagoen telesaila azpitituluekin ikustea. Hala ere, kezka asko daude gehiegizko eskaintzaren, merkatuaren saturazioaren, ikusgarritasunaren eta ikusleen nekearen inguruan. Baina telebista-melodramen eskaerak handitzen jarraitzen du, eta produktua genero fantastikoaren baitan kokatuz gero, are erakargarriagoa da.

Espainiako koproduktoreek sendotasuna ematen dute eta erabateko bermea dira fikzioan. Berme horrek itxaropenak handitzea eragin al du?

Hain merkatu lehiakor eta saturatu batean zuhur jokatu behar da. Proiektuak gero eta bazkide gehiago ditu, baina une honetan telebista-kateek eta plataformek nahiago dute showrunner-en alde apustu egin, talde sortzaileetako pertsona ezagunen alde, hain zuzen ere. Baina, aldi berean, plataforma gehiagoren agerpenak eta serieen ekoizpen-tasa handiak sortzaile berri horien ahotsa entzutea ahalbidetu du. Bidegurutze horretan gaude eta modu arrakastatsuan zeharkatzea espero dugu.

Euskadi Movie AIE (Espainia) telesailaren ekoizle nagusia da, eta bere finantza-sarea nazioarteko koprodukzio gisa osatzen ari da Espainiaren (Euskadi MovieAIE-Deaplaneta-Versus Entertainment) eta Alemaniaren (ZDF Enterprises/ZDFE) artean.

Alemaniako ZDFEren koproduzioaz gain, nazioarteko aliantza gehiagoren bila zabiltzate? Zer falta da finantzaketaren puzzlea osatzeko?

Nazioartean koproduzitzeko hainbat aukera ditugu. Batzuk ez dira bateragarriak ZDFErekin; Belgika adibidez, zerga-pizgarri benetan erakargarriak baititu eta herrialde hori munduan lehen mailako ikus-entzunezko produkzio gune bihurtu baita. Puzzle finantzarioa osatzeko, Estatuko edo erkidegoko telebista-plataforma edo kate batek parte hartu beharko luke. Horretan ari gara lanean.

Telesaila Espainian ekoitzi eta filmatu nahi dugu, Bizkaiko, Gipuzkoako edo Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako zerga-pizgarrien palanka-efektu finantzarioari esker. Lurraldea oso garrantzitsua da, eta gustatuko litzaiguke Euskadin munduko produkzio-polo bat sortzea. Hala ere, hori gertatzea nahi badugu, foru-pizgarriak lehiakorragoak izan beharko dira, eta zenbaki erlatiboetan nahiz eraginkortasunean berdindu edo gainditu egin beharko dituzte lurralde erkidekoak edo Nafarroakoak.

Baduzue nazioarteko banaketa-planik?

‘Extraños Domingos de Pesca’-ren gako nagusia telesail beraren premisa da: “Non egongo nintzateke orain nire bizitzako une batean beste erabaki bat hartu izan banu?”. Munduko gizaki guztiak identifika daitezke galdera horrekin. Beraz, telesaila nazioarteko koprodukzioa izateko sortu da, eta bere erakargarritasun internazionalaren froga da Conecta Fiction jaialdiko pitching saioetarako hautatua izatea, baita In Development Canneseries-en lehen edizioan parte hartzea ere. Azken hori nazioartean genero dramatikoko ekoizpen berriak bizkortzeko ekimena da eta MIPTVk, telebistaren eta eduki digitalen merkatu globalak, eta Canneseries jaialdiak antolatu dute. NBCUniversal, Verizone, Canal Plus Group eta Alibaba (Txina) konpainietako exekutiboek osatutako nazioarteko epaimahai batek 10 herrialdetako 12 proiektu hautatu zituen, 46 herrialdetako 344 proposamenen artean: “Aukeratutako 12 proiektuak munduko talentu aberatsaren isla bikaina dira, lurralde eta genero guztietan. Oso pozik gaude proiektu hauen erakusleiho izateaz, guztiek nazioarteko merkatuan ahalmen handia baitute”, adierazi zuen Laurine Garaudek, MIPTVren antolatzaile den Reed Midem telebistako zuzendariak.

Proiektuaren aurkezpenak nazioarteko ekoiztetxeen interesa piztu zuen eta, azkenik, ZDF Enterprises-en (ZDFE) partaidetzak irabazi zuen, bere telebista-taldearekin ekoizle eta salmenta-agente gisa parte hartzen zuelako.

Aktoreen zerrenda espainiarra izango bada ere (nazioartean ospe handia duten aktoreekin), alemanera, ingelesera eta frantsesera bikoiztuko da, baita aukera berriak irekitzeko beharrezkoak diren beste hizkuntzetara ere. Koprodukzio-herrialdeetako ikus-entzuleak erakartzea da estrategia, eta baita Netflixen emaitza hoberenak eskaintzen dituzten ikusle profilengana zuzentzea ere,  ‘La casa de papel’ eta ‘Las Chicas del Cable’ bezalako ekoizpenak atsegin dituzten pertsonengana, hain zuzen. Filmaketa Espainian izango da, eta DeAPlanetarekin eta ZDFErekin elkarlanean arituko naiz herrialde bakoitzeko finantzaketa ziurtatzeko eta elkarrekin banaketa eta marketin estrategia eraikitzeko. ZDFE nazioarteko banaketaz arduratuko da telebista-merkatu internazional nagusietan, DeAPlanetarekin batera, aurre-salmenta lortzeko Series Mania, MipTV, Mipcom, MipCancún, MipChina, MIA market (Italia), American Film Market (AEB), Content London (Erresuma Batua) eta Filmart (Hong Kong) jaialdietan.

VOD plataformekin harremanetan jarri zarete dagoeneko?

Hurrengo urratsa proiektua Amazoni aurkeztea da. Bereziki lan honetan, berekin elkarlanean aritzea gustatuko litzaidake; izan ere, nire ustez, zientzia fikziozko telesailik ausartenak, originalenak eta erakargarrienak sortzen ari dira, eta hori da ‘Extraños Domingos de Pesca’-ren zigilua.

Beharbada oraindik goiz da jakiteko, baina iragarri al daiteke estreinaldi datarik, gutxi gorabehera bada ere?

Egia da goiz dela jakiteko, baina helburua 2022an estreinatzea izango litzateke.

Zer merkaturatze estrategia ari zarete osatzen?

Telesailak banaketa-ahalmen zabala du hainbat faktoreri esker: zientzia fikziozko mamia duen melodrama, ‘High-concept’ narratiba (bizitza paraleloak bisitatzeko eta bizitzeko aukera), premisa erakargarria, ‘Ni’ kontzeptuaren inguruko hausnarketa eta telesaila osatzen duten gai eta elementu guztiak, hala nola zientzia, heldutasun-krisia, familia, beldurrak, etab. Elementu horien guztien ondorioz, telesailak gaurkotasun handia du munduko edozein publikorentzat, kokapena eta hizkuntza kontuan izan gabe.

Banaketa-estrategia DeAPlaneta eta ZDF Enterprises konpainietako buruzagien artean sortuko dute. Biek erosi eta saltzen dizkiete edukiak mundu osoko ekoiztetxe, streaming plataforma eta irratiei, eta horrek banaketa-harremanetarako sare zabala sortzen du. DeAPlaneta  erreferentziazko banatzailea da 1999tik, eta Grupo Planetak argitaratutako liburuetan oinarritutako filmak eta telesailak ekoizteaz gain, kontzeptu handiko kanpoko proiektuen koprodukzioa ere aurreikusten du. Horrela, entretenimenduko produktuak lantzen eta merkaturatzen dituzte nazioarteko ikuspegitik. Hedabide digitalen estrategiak eta kontsumoko produktuak sortzen dituzte Europako enpresekin aliatuz; hala nola m4e, Method, Zag Animation Cottonwood Media edo ZDFE konpainiekin.

Gure telesaila ez da soilik beste mundu batzuetara bidaiatzearen ingurukoa edo beste "gu" batzuk unibertso ezberdinetan aurkitzeari buruzkoa; gure jarrerak geure buruan nola eragiten duen eta gure norakoa nola baldintzatzen duen ere jorratzen du. Zure bizitzari errepasoa egiten diozunean, orainaldira ekarri  zaituzten jarrera eta ekintza guztiak antzeman ditzakezu.

Arazoei, erronkei edo beldurrei nola egin diegun aurre ikus dezakegu. Nola erreakzionatu zenuen lehen lana lortu ez zenuenean? Nolakoa izan zen zure jarrera pertsona bikain horretaz maitemindu zinenean? Zure bizitza antolatzeko moduak definituko du nor zaren eta zer bizi duzun. Galdera horietan guztietan eta filosofia horretan interesa duen jendeak bilatzen ari den telesaila aurkituko du. Nahiz eta leku eta testuinguru jakin batean girotuta egon, mundu osoko jendeak bere burua pertsonaiekin identifikatu ahal izango du, baita jorratzen diren gai eta kontuekin ere.

Aldi berean, beste hiru proiektu dituzu esku artean. Horietako bat ‘Red Fjord’ da, Islandiarekin batera ekoitzia eta duela bi urte MEDIAren babesa ere jaso zuena. Zein fasetan dago?

‘RED Fjords’ Islandiarekin batera ekoitziko den anbizio handiko proiektua da. Baltasar Kormákur da zuzendaria, ‘Everest’, ‘Two Guns’ eta ‘Asaland’ filmen eta ‘Trapped’ telesailaren zuzendaria, besteak beste. Filmak 12 milioi euroko aurrekontua du, eta euskarazko, islandierazko eta latinezko bertsio originala izango du; izan ere, gure istorioko protagonistek bizitako gertaera berberak bizitzera eraman nahi dugu ikuslea. 1615ean Islandiako Westfjordsen euskal baleontziek pairatu zuten sarraskian oinarrituta dago pelikula. Baltasar islandiarra da, baina euskal eta kataluniar arbasoak ditu, eta gidoiaren berridazketetan parte hartu du. Gaur egun, berridazketa berria lantzen ari gara, gidoia plataforma baten txostenera egokitzeko, baina ez dut hari buruz hitz egiteko baimenik. 2021eko udan filmatzea aurreikusi dugu.

Cesar Velasco Brocaren ‘Alegrías Riojanas’ film laburra eta ‘El tesoro de Lehmann’ haur eta gazteei zuzendutako abenturazko pelikula ere garapen fasean ditugu.

COVID-19aren ondorioez hitz egin behar dugu ezinbestean. Nola eragin dio proiektu horien garapenari?

Orokorrean, sektore osoak bezala, geldialdi izugarria jasan dugu. Dena moteldu egin da, eta film laburraren filmaketa atzeratu egin behar izan dut. Hala ere, nabaritzen da jarduera berriro ere martxa hartzen ari dela. Espero dezagun dena bere erritmora itzultzea eta garapen- eta ekoizpen-egutegiarekin jarraitu ahal izatea geldialdi honen ondoren.