Banaketa digitalari buruzko tailerrerako deialdia - EPI (Erich Pommer Institute)  Noticias

Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak eta Tabakalerak banaketa digitalari eta marketinari buruzko tailerra eta masterclassa antolatu dute Erich Pommer Institutuarekin (EPI) elkarlanean 

Prestakuntza aurreratua ematen duten Europako hornitzaile nagusietako bat da Erich Pommer Institut (EPI). Urtero, prestakuntza aurreratuko 150 ekitaldi inguru antolatzen ditu Alemanian eta Europa osoan, eta 1.000 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute horietan. Aditu entzutetsuekin egiten dituzten sinposioetan gaurkotasuna duten gaiak aztertzen dituzte, eta industriaren barruan elkarrizketa irekia izateko foro bat eskaintzen dute. Azterketa eta txosten independenteak egiteaz gain, EPIk aholkularitza ematen die enpresei, elkarteei eta erakundeei. 1998. urtean eratu zuten Erich Pommer Institutua, Potsdam-Babelsbergen. Babelsbergeko KONRAD WOLF Zinema Unibertsitateari eta Potsdameko Unibertsitateari kidetutako institutua da.

EPIk nazioartean profesionalen prestakuntzan duen esperientzia zabala eta euskal ikus-entzunezkoen industriarentzat neurrira eginiko tailerra uztartuko dira tailer honetan. Parte-hartzaileek banaketa digitalaren eta marketinaren inguruan duten ezagutza hobetzea da tailerraren helburua. 

Nuno Bernardok (beActive Entertainment) eskainiko du tailerra, urriaren 20 eta 21ean, Tabakaleran. Emmy sarietarako izendatua eta saritua, idazlea, ekoizlea eta zuzendaria da. Telebistako ekoizle eta showrunner gisa, Nuno Bernardok honakoak sortu eta ekoitzi ditu: “Beat Generation”, “Flatmates”, “Aisling's Diario” (Kidscreen sariaren irabazlea) eta “Final punishment”, “Beat Girl” eta “Collider” telebistarako telesailak, hirurak Emmy sarietarako izendatuak. Kanadako HBO telebista-kateko bi programatako ekoizle exekutiboa ere izan da Nuno Bernardo: "Living in your car” eta “The Line”, Linda Hamilton eta Ed Asnerrekin. Zuzendari gisa, Nuno Bernardok “Collider” zientzia-fikzioko telesaila zuzendu eta idatzi du, Emmy sarietarako izendatua; eta “The Standups” dokumentala eta “Amnesia” eta “The Players” telesail portugaldarrak ere zuzendu eta idatzi ditu. “Gabriel” izan zen zuzendu zuen lehenengo fikziozko film luzea. 2018ko Locarno zinema-jaialdirako aukeratu zuten filma, eta 2019an estreinatu Europan eta Ipar Amerikan. Nunok, gainera, hitzaldiak ematen ditu, idatzi egiten du eta tailerrak eskaintzen ditu mundu osoan zehar, gai hauen inguruan: entretenimenduaren eta audientzien industriaren aldaketa, garapen-estrategiak, transmedia kontaketa, konbergentzia digitala eta markako entretenimendua. 

Tailerra bi saiotan banatuko da. Urriaren 20an, goizez, publikoari irekitako hitzaldi bat egingo du Nuno Bernardok, eta marketinari eta banaketa digitalari buruz arituko da, beste gai batzuen artean. Urriaren 20ko arratsaldean eta 21ean taldeko lana egingo dute hautatutako 6 proiektuekin.

EGITARAUA

Urriak 20

09:30. Ongi-etorria.

09:40 – 11:00. Masterclassa: Marketina.

Coffee- Break: 11:00 – 11:15.

11:15 – 13:00. Masterclassa: Banaketa digitala.

14:30 – 18:00. Hautatutako proiektuentzat soilik.

Urriak 21

Taldeko lana hautatutako proiektuekin.

Norbere proiektuarekin parte hartu nahi dutenek dokumentazio hau bidali beharko dute:

- Sinopsia

- Tratamendua (5-8 orrialde)

- Aurrekontua- Finantzaketa-estrategia

- Proiektuaren finantza-egoera

- Arte- eta sormen-taldea

- Ekoizlearen eta zuzendariaren oharrak

- Enpresaren eta ekoizlearen CVa

- Banaketa-plana (Plataformei saltzea, aretoetan estreinatzea?)

- Koprodukzio-estrategia Bazkideak/herrialdeak

- Proiektuaren hobekuntza arloak

- Zehaztu tailer/aholkularitza honetan parte hartzearen helburuak

TAILERRA

Dokumentazioa aurkezteko deialdiaren epemuga: 2021eko irailaren 30a.

MASTERCLASS PUBLIKOA

Gonbidapenak helbide honetan daude eskuragarri: https://sarrerak.tabakalera.eus/digital-distribution-marketing?idioma=EU