TV & ONLINE CONTENT

Ikus-entzunezko ekoiztetxeentzako deialdia, nazioarteko telebistarako edo plataforma digitaletarako potentziala duten telebistarako lanak ekoiztera bideratua.

Aurkezteko epea: 2022ko apirilaren 5etik 2022ko irailaren 20ra (17:00, Brusela).

Finantzaketa eskuragarria: Eskuragarri dagoen aurrekontu osoa 22 milioi eurokoa da. 

Eskatzaile hautagarriak: Ikus-entzunezko ekoizpenak egiten dituzten Europako enpresa independenteak. 

Eskubideei dagokienez, gehiengoa duen ekoiztetxeak izan beharko du proiektuaren liderra (koordinatzailea). Koprodukzioa % 50-% 50ekoa bada, bazkideak izendatu beharko du proiektuaren liderra, ekoizle delegatu gisa.

Banakako eskaerak edo partzuergo bat osatuta egindako eskaerak onartuko dira.

Proiektu hautagarriak: Honako generoetako ikus-entzunezko lanak, Europa Creativa MEDIAn parte hartzen duten bi herrialdetako gutxienez bi hedatzaileren (telebista-kanalak edo VoD plataformak) parte-hartzea dutenak.

  • Fikzioa (filma edo telesaila): guztira 90 minutuko iraupena duena, gutxienez. Batez ere, telebistan ustiatzera bideratua, lineako zerbitzuetan eta lineakoak ez direnetan.
  • Animazioa  (filma edo telesaila): guztira 24 minutuko iraupena duena, gutxienez. Batez ere, telebistan ustiatzera bideratua, lineako zerbitzuetan eta lineakoak ez direnetan.
  • Sormenezko dokumentala (filma edo telesaila): guztira 50 minutuko iraupena duena, gutxienez. Batez ere, telebistan ustiatzera bideratua, lineako zerbitzuetan zein lineakoak ez direnetan.

Telesail bat osatzen duten lanak, hedatzeko eta merkaturatzeko estrategia bateratua badute, eskaera bakar batean aurkeztu behar dira. Telesail baten banakako atalak ezin dira aplikazio bereizietan banatu.

Eskaera, beranduenez, lehen filmazio-egunean aurkeztu behar da (edo animazioaren hasieran, animazio-proiektuen kasuan).

MEDIAn parte hartzen duten herrialdeetako nazionalitatea duten edo haietan bizi diren profesionalek parte-hartze esanguratsua izan beharko dute proiektuan.

Sinatutako kontratu edo konpromiso-gutunetan oinarrituta egon behar du hedatzaileen parte-hartzeak. Parte-hartzearen baldintzak zehaztu behar dira horietan (prezioa eta lizentzia-aldia).

Ez dira konpromiso-gutun lotesletzat hartuko aurretiazko interesa erakusten duten intentzio-gutunak, azken onarpenaren baitakoak direnak eta lana behin ekoitzita dagoenean ziurrenik erostea onartzen dutenak.

Ekoizpenean parte hartzen duten eta emisioaz arduratzen diren erakundeei emandako ustiapen-eskubideak ekoiztetxearenak izango dira lizentzia-aldia amaitzean. Lizentzia-aldia, gehienez, honako hau izango da:

  • 7 urtekoa, emisioaz arduratzen den erakundearen parte-hartzea aurresalmenta motakoa bada, eta 10 urtekoa emisioaz arduratzen den erakundearen parte-hartzea koprodukzioa bada. Kasu horretan, konpromiso-gutun lotesleak edo ekoizlearen eta irrati-difusioko erakundearen arteko kontratuak argi eta garbi zehaztu behar ditu prezioa, ustiapen-eskubideen aurresalmentarako lizentziaren iraupena eta koprodukzioaren baldintzak.

Irrati-difusioko erakunde baten eta telebistako ekoizle baten arteko koprodukzioa onartuko da, soilik difusio-erakundeak gainerako bazkideek baino batez besteko finantza-inbertsio handiagoa egiten badu, eta ekoizpenaren antolaketan eta kudeaketa ekonomikoan parte hartzen badu.

Ekoizpenaren guztizko aurrekontu zenbatetsiaren finantzaketaren % 40, gutxienez, hirugarren finantzaketa-iturriek bermatu behar dute (zuzeneko finantzaketaren bidez edo aurretiaz eskubideak salduta).

Hirugarren finantzaketa-iturriak frogatu egin behar dira, duela gutxiko konpromiso-gutun sinatuen bidez. Finantza-ekarpena, saldutako eskubideen izaera eta lizentzia-aldia zehaztu behar dira gutun horietan.

Hirugarren finantzaketa-iturritzat hartzen dira honako hauen ekarpenak: erakunde hedatzaileak, banatzaileak, funtsak eta kapital-inbertitzaileak.

Zerga-salbuespena hirugarren finantzaketa-iturritzat har daiteke, soilik erakunde eskudunen dokumentu ofizialen bidez baieztatzen bada. Ekoizlearen edo koprodukzioko kidearen inbertsio pertsonala eta MEDIAren laguntza ez dira hirugarren finantzaketa-iturritzat hartzen, eta ez dira sartzen bermatutako % 40ko gutxieneko finantzaketaren kalkuluan.

Ekintza hainbat ekoizpen-enpresak elkarrekin ekoizten badute, eskaerarekin batera koprodukzio-kontratu bat aurkeztu behar da. Bertan adierazi behar dira finantzaketaren ehunekoa, eskubideen banaketa eta gastuen eta diru-sarreren banaketa.

Guztizko finantzaketa zenbatetsiaren % 50ek Europa Creativa MEDIAn parte hartzen duten herrialdeetatik etorri behar du.

Proiektuen gehieneko iraupena 24 hilabetekoa izango da edo, telesailen kasuan, 36 hilabetekoa.

Hautatzeko irizpideak: 

  • Adierazgarritasun eta balio erantsi europarra (30 puntu): Proiektuan finantzaketa europarrak duen neurria. Herrialde ezberdinetako bi enpresaren arteko koprodukzio europarra, eta bien arteko elkarlana proiektuaren alderdi sortzaileetan. Ikus-entzunezko ekoizpen-gaitasun ezberdina duten herrialdeen arteko lankidetza. Aurkeztutako estrategiak egokitzea, ingurumena errespetatzen duen industria bermatzeko. Estrategiak egokitzea, genero-berdintasuna, inklusioa eta aniztasuna bermatzeko, bai proiektuan/edukian, bai jarduera kudeatzeko moduan. 
  • Edukiaren eta jardueren kalitatea (35 puntu): Proiektuaren kalitatea (artistikoa eta finantzarioa) eta Europa mailan zein nazioartean audientzia berrietara iristeko duen potentziala.
  • Proiektuaren kudeaketa (5 puntu): Ekoizpen eta sormen arloko funtzioen banaketa, eta elkarlana proiektuaren helburuekin bat etortzea. Animazio-proiektuen kasuan, lana non egingo den ebaluatuko da, Europako estudioen erabilera sustatzeko.
  • Hedapena (30 puntu): Hedapenerako, marketinerako eta sustapenerako estrategiaren kalitatea. Banatzailearen inplikazioaren kalitatea.