“NAZIOARTEKO JAIALDIETAN ERE PARTE HARTZEA DA GURE HURRENGO HELBURUA”Albisteak

“NAZIOARTEKO JAIALDIETAN ERE PARTE HARTZEA DA GURE HURRENGO HELBURUA”

Fermin Muguruza, ‘Black is beltza II: Ainhoa’ filmaren zuzendaria

 

‘Black is beltza II: Ainhoa’ filma Donostiako Zinemaldian estreinatuko da. Zer balio du horrek pelikularentzat?
Zinemaldia nire etxea da. Sei bider izan naiz bertan filmak aurkezten, eta behin zuzendari berrien epaimahaikidea ere izan nintzen. ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ film berriaren mundu estreinaldia berriro ere bertan egiteak koherentzia ematen dio egiten dudan guztiari.


Zein onura dakarzkizu Zinemaldian parte hartzeak?
Belodromoan izango da proiekzioa, 400 m2-ko pantaila batean 3.000 pertsonentzat. Bertan izan naiz zenbait film ikusten, eta orain hor aurkeztea gurea, Iñigo anaiari eskaini diodana, Negu Gorriak taldeak adierazpen-askatasunaren garaipena ospatu zuen toki berean, pertsonalki bizitza triste eta ederrak eskaintzen didan opari zoragarri horietako bat da hau. Profesionalki, zer esanik ez, honek bulkada izugarria ematen dio nire ibilbideari zinema munduan.


Zuen lana aurrera atera ahal izateko Europa Creativa MEDIAren laguntza ere izan duzue. Zein garrantzia izan du laguntza honek?
Ezinbestekoa izan zen MEDIAren laguntza: 50 nazioarteko zinemaldi egin genituen eta 40.000 ikusle lortu genituen espainiar Estatuan eta 10.000 frantziar Estatuan. Gainera, bi plataforma digitaletan kokatu genuen pelikula, Txinako Times Vision-en eta NETFLIXen; beraz, honen guztiaren ondorioz, oraingo arkitektura finantzarioa eraikitzea errezagoa izango litzatekeela pentsatu genuen, baina ez zen hala izan. Behin MEDIAren laguntza lortu eta gero, horrek dakarren prestigioarekin, martxan jarri ahal izan genuen; bestela, ez dakit egitasmo hau aurrera atera ahalko genuen.


Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Behin Donostian aurkeztuta, irailaren 30ean espainiar Estatuko zinemetan estreinatuko dugu filma. Gero, urriaren 20an Argentinako zinemetara eramango dugu, Argentinarekin koproduzitu baitugu; eta azaroaren 16an frantziar Estatuko zinemetan estreinatuko da. Nazioarteko jaialdietan ere parte hartzea da gure hurrengo helburua. 2022ko abendura arte agenda bete-beteta daukagu.