‘Suro’ pelikularen zuzendaria den Mikel Gurreak Berlinale Talents-eko networking topaketan parte hartuko du. Donostiarrak azaldu digu nola hartu zuen albiste hori eta zein diren bere hurrengo erronka zinematografikoak.
Nola izan da zuretzat Berlinale Talents-en parte hartzeko hautatua izatea?
Oso pozgarria izan da. Azkenean, Berlinale jaialdiarekin harreman bat sortzeko, eta beren ibilbidearen hasieran dauden hainbat zinemagile, ekoizle edo beste arloetako profesionalekin hartu-emana izateko aukera ematen dit, eta ilusio handiarekin joango naiz. Gainera, aurten ere beren filmak Berlinalen bertan erakutsiko dituzten ezagun asko izango dira han: Alvaro Gago, Esti Urresola eta Leire Apellaniz, besteak beste.
Zein helburu dituzu topaketarako?
Berlinalerekin lehenengo harreman bat sortzea eta gertutik ezagutzea izango litzateke helburuetako bat. Bestalde, nire antzeratsu dauden zinemagileekin hartu-emana izatea. Nire esperientzian, London Film School-en edo unibertsitatean ikasi nuenean, baita sorkuntza eta garapen laborategietan ere, Ikusmira Berriak ekimenean edo beste hainbeste proiektuetan parte hartu dudanean beti izan dira garrantzitsuak harreman horiek. Azkenean, komunitatea eratzeko aukera ematen dizute. Izan ere, askotan, kolaboratzaile, partner, ekoizle, banatzaile edo aktoreen arteko harremanak Berlinale Talents bezalako topaketetatik sortzen dira, eta lagun bilakatzen diren zinemagileak ezagutzeko eta haiekin proiektuak garatzeko aukera eskaintzen dizu.
Aurreratuko zeniguke zein diren zure hurrengo erronkak?
Momentuz, ‘Suro’ aurkezten ari naiz Estatuan zehar, eta oraindik hainbat gelditzen zaizkigu. Iruditzen zait zinemak, pelikulez haratago ere, oso interesgarria den beste dimentsio bat hartu duela, hala nola elkarrizketetan eta solasaldietan parte hartu ahal izatea. Azkenean, pelikulak komunikazio ekintzak dira, eta komunikazio hori filmaz haratago zabaldu daiteke ikuslearen eta zinemagilearen arteko hartu-emanean. Alde batetik, Tetuan, Nantes eta abar bezalako nazioarteko jaialdietan egongo naiz. Estatu mailan, emanaldi dezente geratzen zaizkigu oraindik zinemetan. Bestalde, hurrengo film luzea idazteko Kataluniako Zinema Akademiaren erresidentzia bat jaso nuen, non bederatzi hilabetez egitura, finantzaketa eta babesa emango didaten proiektua garatzeko. Bestetik, Euskadin badaukat garapenerako laguntza jaso duen beste proiektu bat eta hori garatu behar dut ere. Beraz, bi proiektu dauzkat eskuartean oraintxe eta badaukat gogoa hurrengo bidaian sartzeko.
Azkenik, zein izan da Europa Creativa MEDIArekin izan duzun harremana? Zein neurritan lagundu dizu zure lana garatzen?
Oso harreman garrantzitsua izan da niretzat. ’Suro’ pelikulak, nire lehenbiziko film luzeak, MEDIAren laguntza izan zuen eta oso presente daukat hori jaso genuen eguna. Nolabait badakizu horrek finantzaketa ibilbidean oso aurrerapauso handia ematen lagunduko dizula. Proiektu bat Europa Creativa MEDIA dirulaguntzetara aurkezten duzunean oso ondo pentsatu behar duzu zeintzuk diren proiektuaren nondik norakoak. Ondo azaltzeko ahalegina egin behar duzu, eta prozesu hori oso interesgarria da zure zalantza asko nabigatzen dituzulako dossierra egiterakoan. Gero, laguntza jasotzen duzunean, proiektuaren garapena ganoraz egiteko diru-babesa lortzen duzu. Azkenean, garapen fasean zaudenean oraindik ez daukazu finantzaketarik, eta guretzat oso zutabe garrantzitsua izan zen, oso lagungarria, ekoizpenerako diru-laguntza gehiago jaso ahal izateko. Nire kasuan, dirulaguntzak aktore ez profesionalekin edo naturalekin prozesu oparo bat egiteko aukera eman zidan, hala nola kokalekuetara bidaiatzeko, casting zabala egiteko, inprobisazio saioak egiteko… Nolabait, finantzaketak filmaren alderdi horiek guztiak aurrera ateratzeko aukera eskaini zidan, eta hori, hein handi batean, MEDIAri esker izan zen.