Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi

Programa de la Unión Europea

para la cultura y los sectores creativos

Noticias

29/Abr/2021

Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik eta Tabakalerak bat egin dute ikus-entzunezko sektorean prestakuntza sustatzeko

  • Lankidetzaren helburua da euskal lurraldeko profesionalak hazten laguntzeko prestakuntza-ekintzak bultzatzea.
  • Aurtengo ekainaren eta 2022ko hasieraren bitartean, hiru tailer eta masterclass egingo dira Marisa Fernández Armenteros ekoizlearen, Nuno Bernardo zuzendari eta ekoizlearen, eta Miguel Machalski gidoilariaren eskutik.

Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi eta Tabakalera elkarlanean ari dira, eta horren lehen fruituak datozen hilabeteetan egingo diren eta etorkizunean jarraipena izango duten hiru prestakuntza-tailer dira. Ekainean egingo den eta Donostiako Zinemaldiaren partaidetza izango duen lehenengo tailerrak nazioarteko koprodukzioa izango du ardatz; bigarrenak, aldiz, Erich Pommer Institute-ren laguntza izango du eta banaketa digitalari helduko dio urrian. Halaber, datorren urtean fikziozko gidoien eta dokumentalen garapenari buruzko tailer bat burutzea aurreikusita dago. Saio guztiak aurrez aurre egiteko asmoa dago, posible den heinean, eta hautatutako sei proiektuk aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute.

Lankidetza-hitzarmen honen bidez, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik eta Tabakalerak konpromisoa hartu dute euskal ikus-entzunezkoen sektorearen hazkundeari laguntzeko eta haren garapen profesionala bultzatzeko, Europa Creativaren Euskadiko bulegoak 2013tik egiten ari den lanaren ildotik.

Lankidetza horren helburua da, Euskadiko profesionalentzat interesgarriak diren prestakuntza-ekintzak antolatzen laguntzeaz gain, Tabakalerako erakundeen arteko lankidetza bultzatzea. Halaber, Tabakalerak eta MEDIA programak eskainitako programetan parte hartzeak dakartzan abantailei balioa eman nahi diegu.

Prestakuntza-egutegia

Ekainaren 15etik 17ra egingo den lehen tailerrak nazioarteko koprodukzioan sakonduko du, eta garapen edo aurreprodukzio fasean dauden film luzeen proiektuak dituzten ekoizleei zuzenduta dago.

Hasiera batean, osasun-egoerak baimentzen badu, aurrez aurreko formatuan burutuko dira saioak, eta Marisa Fernández Armenteros ekoizlea arituko da aholkulari lanetan. Beste erronka batzuen artean, tailer honek helburu du parte hartzen duten proiektuei Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan bazkide berriak aurkitzen laguntzea. Aldi berean, prestakuntza-ekintza honek profesional guztiei irekitako masterclass bat hartzen du barne. Hura ere Marisa Fernández Armenterosek emango du eta ‘Nazioarteko koprodukziorako aukerak zinemagintzan, merkatu global batean. Malabareak eta erronkak’ izenburupean egingo da.

Bigarren tailerra urriaren 20an eta 21ean izango da, eta ikus-entzunezko lanen banaketa eta marketin digitala izango ditu hizpide. Egitasmoa Erich Pommer institutuarekin elkarlanean antolatua izan da. Izan ere, erakunde hori Alemaniako eta Europako ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren industriako prestakuntza aurreratuaren hornitzaile nagusietako bat da. Kasu honetan, Nuno Bernardo idazle, zuzendari eta ekoizleak egingo du aholkularitza-lana, eta Tabakaleran masterclass irekia emango du.

Azkenik, hirugarren tailerra, fikzio eta dokumental gidoiak garatzera bideratutakoa, 2022 urtearen hasieran burutuko da. Proiektu kopuru txiki bati aholkularitza emateko aukera izango da, eta masterclass irekia eskainiko du Miguel Machalski gidoilariak, gaian interesa duten guztientzat.

Volver