Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi

Programa de la Unión Europea

para la cultura y los sectores creativos

Noticias

16/Jun/2015 - 16/Sep/2015

Prime Time: telebista-formatuen deialdia zabaldu die DSS2016EUk nazioarteko ekoizpen-etxeei

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioak abian jarri du Prime Time proiektua. Horren helburua da Europako balioei eta kulturari buruzko telebista-formatu orijinal onena hautatzea eta ekoiztea, ikusle gehien biltzen dituzten orduetan emateko. Gainera, nazioartean ere emateko modukoa izan dadin nahi da.

Europako ekoizpen-enpresa guztiei irekita dago deialdia; enpresek, bakarka edo koprodukzioan, entretenimendu-telebistaren edozein eredutarako proposamenak aurkeztu beharko dituzte, non-scripted (lehiaketak, realityak, talk showak, talent showak...) edota scripted (dokumentalak, fikzioa, serieak...) erakoak, Europako balioei eta kulturari buruzkoak.

Horrez gain, aurkezturiko proiektuen multimedia-tratamendu interaktiboak bat etorri beharko du telebistaren sektoreko mundu osoko joerekin, eta kontuan hartu beharko da munduko hainbat herrialdetan emateko aukera egongo dela.

Nazioarteko epaimahaia

Deialdia ekainaren 18tik irailaren 16ra egongo da irekita, eta ikus-entzunezkoaren sektoreko nazioarteko profesionalek osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu proiektuak; halaber, epaimahai horrek irabazlea hautatuko du. Formatu irabazleak 100.000 €-ko saria jasoko du, programa pilotu bat ekoizteko.

Helburuak eta balioak

Prime Timeren helburua da Donostia 2016rako lehentasunak aintzat hartuko dituen ikus-entzunezko produktu bat sortzen laguntzea. Hona hemen lehentasun horietako batzuk: kultura-espazioak sortzea, hala dibulgaziokoak nola aisialdikoak; ikus-entzunezko ekoizpenetan eleaniztasuna sustatzea; kulturarekin eta arteekin lotutako gaiak kanal askotan ematea ahalbidetuko duten eredu interaktiboak eta prozesuak bultzatzea; eta aisialdirako eta heziketarako transmedia-edukiak sortzea.

Finean, Prime Timek masen hedabide nagusiak hezkuntzaren eta kulturaren arloan duen ahalmena nabarmendu nahi du, eta arlo publikoari buruz telebistaren bidez hausnartu.

Oinarriak ekainaren 18tik aurrera izango dira eskuragarri proiektuaren webgunean (http://dss2016.eu/eu/ahotsak/prime-time).

http://www.dss2016.eu/eu/albisteak/item/983-prime-time-telebista-formatuen-deialdia-zabaldu-die-dss2016euk-nazioarteko-ekoizpen-etxeei

Volver