
Cannesko zinema jaialdia abian da eta bertan aurkeztuko du Filmax International ekoiztetxeak Paul Urkijo zuzendari arabarraren Errementari filma. Halaber, nazioarteko banaketa martxan jarri dute.
Errementari, Paul Urkijo gasteiztarraren lehen film luzea da. Ekoizpenean, Joxe Miguel Barandiaranek 1903an jasotako Patxi Errementaria ipuinaren moldaketa egiten da. XIX. mendean girotzen den filmak deabrua bera engainatzeko errementari baten istorioa kontatzen du.
Filmaren estreinaldia 2017ko udazkenerako aurreikusten da, zinema-jaialdietan lehenik eta zinema aretoetan ondorengo hilabetetan.